Izaera propioa duen auzoa da Txantxilla, nahiz eta nahiko berria izan. Bigarren urtez festa eguna antolatu dute. Larunbatean izango da, urriaren 25ean, eta helburu nagusia da auzotarren arteko giro ona sustatu eta elkarrekin ondo pasatzeko tartea izatea. Beraz, bertara gonbidatu nahi dituzte Txantxillako bizilagun guztiak, eta baita ere ondo pasa nahi duen edozein.
Krosa, goizeko protagonista
Txantxilla-Santa Barbara kros herrikoiaren bigarren edizioak markatuko du goiza. 6,5 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik partehartzaileek: Alberro, Elutxeta, Saretxo, Santa Barbara, Agerreburu eta berriz ere Txantxilla. Sariak izango dira irabazle eta partehartzaileentzat; eta Santa Barbarako ermitako kanpaia lehenengo jotzen duenak ere, izango du saria. Lasterketan parte hartu nahi duenak dagoeneko eman dezake izena www.kirolprobak.com helbidean edo Ibaimendi kirol dendan; 7 euro balio du. Egunean bertan ere izango da aukera, 10 euroan. Ondoren, txikien krosa izango da. Haurrentzako jolasak ere izango dira goizean zehar.
«Garai bateko usadioa berreskuratu eta arimatxo bihurriak aterako dira larunbatean kalejiran, dultzaineroek lagunduta».
Omenaldia eta bazkaria, eguerdian
Auzotarren bat omenatzea ere bada Txantxillako jaien izaeraren parte. Egurdiko 12:00etan omenduko dute Karmen Etxeberria, 81 urtez Laubidieta etxean bizitutako auzotarra. Ondoren txupinazoa botako dute.
Aurtengo nobedadeeetako bat auzotarren bazkaria izango da. Jai Batzordeak azaldu duenez, joan den urteko esperientzia ikusita, beharra ikusi du: «halako tartetxoren baten beharra ikusi dugu, atsedena hartu eta umore giroan gozatzeko». Bazkarirako txartelak salgai daude Txantxillako kafetegian, 11 euroan. Menua da: entsalada, paella, bertako gazta eta edaria. Haurrek paella izango dute, eta tiketak 5 euro balio dute. Erosteko azken eguna asteazkena izango da. Jai batzordeak azaldu duenez, bazkaria zein arratsaldeko txokolatada egokiak izango dira zeliakoentzat.
Arimen kalejira, arratsaldean
Mus eta toka txapelketak arratsaldean jokatuko dira; eta umeentzat Apaxi kontalaria ere, izango da. Arratsaldeko berezitasuna ordea Arimen kalejira izango da. Festak Santu Guztien Egunaren eta Hilen Egunaren aurreko asteburuan izaten dira, eta Txantxilla hilerria zen XX. mende hasiera arte. Jai batzordeak hori kontuan izan eta garai bateko usadioa berreskuratu nahi izan du: «urriaren 31n, haurrek kalabazak hustu, begiak, ahoa eta sudurrak marraztu eta kandela bat jartzen zuten barruan. Kalera ateratzen ziren kutsu paganoa duen gau horretan, jendea ikaratzera. Aintzinako usadio hori ahaztu, eta orain festa amerikar bat kopiatzen hasi gara konplexuz beteta, konturatu gabe gurea ere badela». Larunbatean arimatxo bihurriak aterako dira kalejiran, dultzaineroek lagunduta, kalabaza esku batean eta maskuria eta erratza bestean: «jendea izutuko dute, eta hala, lotsak, tristurak eta preokupazioak uxatu, kolpez kolpe, urte osoko beldurrak eta rollo txarrak soinetik kenduko dituzte».
Urriak 24, ostirala:
20:00 Pintxo-potea.
Urriak 25, larunbata:
9:00 Diana txistulariekin
9:30 II. Txantxilla-Santa Barbara-Txantxilla krosa (helduen irteera)
10:30 Krosa (haurren irteera)
11:00 Haurrentzako jolasak
12:00 Omenaldia Karmen Etxeberriari eta txupinazoa
12:15 Erraldoi eta buruhandiak
12:30 Sagardo dastaketa eta pintxoak
14:30 Auzo bazkaria Bazkalostean Rafafa magoaren ikuskizuna.
16:30 Mus txapelketa Txantxilla kafetegian
17:00 Toka txapelketa
17:00 Txokolatada
17:30 Apaxi Kontalariren emanaldia haurrentzat
18:00 Arimen Kalejira dultzaineroekin
19:00 Patata Tortilla lehiaketa eta bertsolariak.
21:30 Erromeria Itzarturekin
00:00 Azken traka eta suak