Goizuetako suhiltzaile boluntarioa zara eta parkeko arduradunetako bat. 1996ean sortu zen Goizuetako suhiltzaile parkea. Ezbehar batek agerian utzi zuen halako zerbitzu baten beharra, ezta?
Herriko neska bat hil zen mendiko sute bat itzaltzen laguntzen ari zela. Bere osabari laguntzera joan zen eta ez zen gehiago bueltatu. Gure kuadrilakoa zen gainera; gaztea. Larreak garbitzen aritu ziren eta eguraldi onaren eraginez, sua ondo itzali gabe geratu zen. Azienden gorotza lehortua badago, txinpartaren bat bertan geratzea nahikoa da sua zabaltzeko.
Udaletxeko zinegotzia nintzen orduan eta Udaletik argi ikusi zen jende prestatua behar zela mendiko suteak itzaltzeko.
Nafarroako Gobernuarekin, Babes Zibileko sailarekin hitz egin genuen eta proiektua aurrera eramatea onartu zen. Udalak pabiloia utzi zuen eta Gobernuak dirua eman zigun parkea egiteko. Urtero eman izan dizkigu diru laguntzak, nahiz eta azken aldian murrizten joan.
Eta suhiltzaileak nola osatu zineten?
Deialdia egin zen eta talde bat sortu zen. 25 lagun apuntatu ginen; adin guztietakoak. 24 urte nituen nik eta anaiak 18 bat. 40tik gorakoak ere baziren. Udaletxeko asko apuntatu ginen. Ez ginen profesionalak, baina formakuntza jaso genuen eta profesionalekin elkarlanean aritu izan gara beti. Nafarroako parke guztiek anbulantzia ere izaten dute orain eta horretarako ere formakuntza jaso behar da, tekniko sanitario bezala. 2002tik dugu anbulantzia.
Zein da zuen funtzioa?
Sute, istripu edo larrialdi baten aurrean erantzun bat ematen saiatzen gara. Eta anbulantzian, zaurituak edo gaixoak ospitalera eramaten ditugu. Normalean Donostiara eramaten ditugu, gertuen dagoelako, eta hitzarmen bat daukagu.
Kasu oso larrietarako, helipuertoa ere badago 2 kilometrotara, Leitzarako bidean. Iruñatik 20 minututan heltzen dira eta Donostian 10 minututan zaude. Gertatu izan zaigu guri abixua pasa eta parkera iristerako helikopteroa bertan egotea.
Guk hemen ona dugu baita ere, medikua eta erizaina 24 ordutan dauzkagula. Guk eskertzen dugu eta beraiek ere esaten dute asko eskertzen dutela gure lana. Adibidez, kanpoko langileak etortzen dira askotan eta ez dakite hemengo baserrien eta inguruen berri. Gugana jotzen dute halakoetan. Egia esan, harreman handia dugu.
Eta gaur egun, zenbat ari zarete suhiltzaile boluntario bezala?
30 lagun gaude. Seguruaren arabera izaten da eta Gobernuak 30 segurorentzat ematen digu dirua. Bi taldetan banatuta gaude: suhiltzaileak eta tekniko sanitarioak. Batzuk bi zereginak egiten ditugu. Hiru gazte badira sartzeko asmotan datorren urtera begira. Orain ere, adin guztietakoak gaude, eta emakume asko. Aranoko gizon bat ere bada Goizuetako parkean. Indartsu dago taldea eta ongi formatua.
Arazorik izan duzue taldea osatzeko inoiz?
Urte batzuk okerragoak izan dira, baina beti izan du erantzun ona herriak. Herri guztia ia pasea da hemendik. Auzolana beti egon da Goizuetan eta horregatik uste dut funtzionatu izan duela beti zerbitzu honek. Jendea aldatzen doa, baina beti osatu da taldea. Egia esan, hiru gara hasieratik gaudenak: Angel Salaberria, Luis anaia eta ni.
Ze eremutan aritzen zarete?
Goizueta, Arano, Leitza, Ezkurra… inguruan asko ibiltzen gara, baina Nafarroako edozein herritara joaten gara. Udan, Elizondon izan ziren uholdeetara ezin izan genuen, baina bestela ahal dugunetara joaten gara.
Suhiltzaile boluntarioen parke asko al daude Nafarroan?
Denera, 7 parke daude: Goizueta, Leitza, Bera, Lesaka, Aoiz, Izaba eta Luzaiden. Pixka bat geografikoki bereziak diren herriak dira gehienak, eta noski, jendea aportazioa egiteko prest dagoen herriak. Esan bezala, hori beharrezkoa da.
Imajinatu oraintxe bertan zerbait gertatu dela. Nola izanen lirateke pausoak?
SOS Navarratik mezu bat bidaltzen digute guztioi, suhiltzaile boluntario guztioi eta ahal duena parkera etortzen da. Eta adibidez, anbulantzian joateko bi lagun nahiko izaten dira. Baina, istripua baldin bada, denak edo ahal dugunak mugitzen gara. Deialdia baldin badago, 10 lagun elkartuko gara seguru. Jendeak ongi erantzuten du. Gero da, segun zer den. Arbol bat erori dela eta bidea itxita geratu dela, ahal dutenak hasiko dira bidea libratzen, baina batzuk ez dute beraien lana utziko. Normala da. Hori bai, zerbait urgentea denean, lanak alde batera uzten ditu jendeak.
Behin parkean gaudela, ekipoa janzten dugu, ohikoa edo mendikoa. Bakoitzak bere trukoak dauzka, ahalik eta azkarren mugitzeko. Nik gauza asko lotuta uzten ditut, presarekin deus ez ahazteko. Eta galtzak, boten bueltan prestatuta. Horrela, oinak botan sartu eta galtzak gora igotzea besterik ez da. Garrantzitsua da trajea ongi janztea zirrikitu guztiak ongi estalita geratzeko eta ez erretzeko.
Material egokia duzue?
Goizuetako parkea gaur egun oso ongi ekipatua dago. Hasierako urtetan oroitzen dut 25 ginela eta 10 galtza eta alkandora bakarrik genituen! Orain profesionalak bezala gaude ekipatuta: botak, eskularruak, kaskoak, emisorak, linternak, parkeko ekipazioa, ekipazio forestala… ezin gara kejatu.
Eta ibilgailuak ere egokiak dira. Bi kamiona ditugu, anbulantzia bat trakzioarekin, mendirako prestatua, eta land rover bat. Elurra kentzeko eta gatza botatzeko tresnak ere baditugu.
Eta zuek, etengabe erreziklatzen zarete?
Bai, beti gabiltza formatzen. Nafarroako Gobernuak ematen ditu ikastaroak, 2 urtetik behin gutxi gorabehera. Eta hilabeteko azken larunbatetan, Nafarroako Gobernuko suhiltzaile arduraduna etortzen da. Praktikak eta halakoak egiten ditugu. Udan, Iruñan ere aritu ginen altueretako erreskateak egiten. 2 urtez behin ere, erreziklatu egin behar izaten da anbulantzian ibiltzeko.
Urte hauetan asko aldatu al da zuen lana?
Lehen ikaragarria zen zenbat sute izaten ziren mendian. Asko jaitsi da, azienda gutxiago dago, baserritar gutxiago… Mendi suteak gutxitu dira, nahiz eta tarteka izan. Suteak, orokorrean ez dira hainbeste izaten. Batzuetan, tximinietan sortutakoak izaten ditugu, askok ez baitute garbitzeko ohiturarik. Larreak erretzerakoan ere bai… Baina, Goizuetan zahar asko dago eta kasu gehienak horrekin lotuta izaten dira. Astean bitan ateratzen da anbulantzia Goizuetatik, bataz beste. Egun batean hiru aldiz ere atera izan da.
Horrez gain, istripu batzuk izaten dira. Eta ziklisten istripuak ari dira ugaritzen azken aldian. Udan asko izan dira. Onddoekin ere izaten ditugu komeriak garai honetan, Artikutza aldean, besteak beste. Eta orain, asko, prebentzio lanak egiten ditugu, istripurik izan ez dadin: neguan elurra kendu, gatza bota… Goizutrail mendi lasterketan ere egon ginen... Liztor asiatikoaren kabiak kentzen ere bagabiltza. Irailean, etxe baten barrutik atera genuen kabi bat.
«Auzolana beti egon da Goizuetan eta horregatik uste dut funtzionatu izan duela beti zerbitzu honek. Herri guztia ia pasea da hemendik»
Lan gogorra eta borondate handia behar, ezta?
Lan asko egin behar da, bai. Ez da zerbait dagoenean erantzutea bakarrik. Parkearen eta gauza guztien mantenimendua dago: kamionak edo anbulantziak garbitu, gasolina eta ura bete, ITVak pasa, ikastaroak… Gidatzeko baimenak ere behar dira C mailakoa, esaterako, eta oso garestiak dira. Hori bai, diru laguntzak ematen dituzte.
Hala ere, gogorra egiten da, batez ere, ezagutzen duzun jendea delako lagundu beharrekoa. Momentuan egiten duzu, ez dago besterik, baina gero etortzen da ondorena. Batzuk hasi eta utzi egin dute. Nire kasuan, lehenbizikoz hildako bat ikusi nuenean oso gogorrak egin zitzaizkidan hurrengo egunak. Baina pixkanaka ohitu egiten zara. Niri oso gogorrak egiten zaizkit batez ere, bere buruaz beste egiten dutenen kasuak.
Foruzaingoaren eskutik, saria edo errekonozimendua jaso zenuten iaz. Zer da zuretzat halako saria jasotzea?
Egindako lanagatik eta beraiekin izaten dugun kolaborazioagatik jaso genuen saria. Muxutruk aritzen gara hemen denak eta bada zerbait, ilusioa egiten du halako errekonozimendu bat jasotzeak.
Hasi zinetenean, erreparo pixkat izanen zen, profesionalak ez zinetelako…
Bai, eta nik ere banuen. Baina halako beharra ikusten zen... Pentsa, 25 lagun larunbatero Altsasura joaten ginen ikastaroa jasotzera. Hilabete ugari pasa genituen. Jendeak beharra zegoela ikusi zuen. Ordura arte, ni aitarekin aritzen nintzen batean eta bestean, baina desberdina zen. Eta orain gero eta gehiago, gero eta prestatuago gaude eta medioak ere baditugu.
Bestela ere, suhiltzailea zara Iruñako aireportuan. Alde handia al dago zeregin batetik bestera?
Aireportuan interbentzio erreal gutxi egiten dugu. Desberdina da. Goizuetako bonbero izateak egia esan, esperientzia asko eman dit.
«Gogorra egiten da, normalean ezagutzen duzun jendea delako lagundu beharrekoa»
Goizuetan hasi ondoren sartu zinen bonbero?
Bai, 28 urterekin bonbero forestal hasi nintzen eta gero plaza atera zuen aireportuko bonbero izateko. Hondarribian hasi nintzen eta trasladoa eskatu nuen Iruñara. Goizuetako beste 3 ere aritzen dira bonbero forestal gisa, Oronoz eta Iruñan. Horien artean, anaia. 2000an hasi zen eta 14 urte daramatza. Uda partean, helikopteroan aritzen da. Eta denak hemen hasiak izan gara.
Inoiz arriskuan sentitu zara?
Ez, ez dut halako momenturik bizi izan. Bizitza bat ez badago jokoan, kautelaz hartzen dituzu gauzak. Beti zu zara lehenengoa. Baserri bat erretzen ariko da, baina zure burua seguru ikusi behar duzu. Hori da garrantzitsuena. Eta Goizuetan ere, sekulan ez du deus izan inork. Belaunean zerbait eta halakoak, baina deus larririk ez.
Goizuetako suhiltzaile taldea:
Javier Apecechea, Marian Aranaz, Xumar Bakero, Xabier Cueto, Eva Elizegi, Ibon Elizegi, Luis Elizegi, Unai Escudero, Agustin Eskudero, Mikel Etxeberria, Jesus Mª Etxegia, Jon Etxegia, Jose R. Etxegia, Mirari Etxegia, Josu Garmendia, Fernando Goya, Mertxe Huici, Lourdes Huici, Miguel Angel Loyarte, Asier Lujanbio, Ekaitz Narbarte, Angel Salaberria, Daniel Salaberria, Elizabeth Salaberria, Jon Zabaleta, Ane Zinkunegi, Juanjo Zozaya, Aritz Zubiri eta Miguel Zugarramurdi.