Buruntzaldeako sei udalerrietako bost alkatek, eskualde mailako Garapen Integraleko Agentzia bat sortzeko proposamena aurkeztu zuten asteartean: «Eskualdeko garapen ekonomikoan aurrerapauso haundia ekarriko duen proposamena aurkezten dugu, gure udalerrien arteko lankidetzari esker aro berri bat abian jarri dezakelakoan», azaldu zuten. Urnietako alkatea ez zen bertan izan, baina azaldu zutenez, dinamika honetan hasieratik egon da.
Azpiegitura baten beharra
Lehenengo hazia 2012an erein zutela azaldu zuten: «Euskaldeko Lankidetza Protokolo Orokorra izenpetu genuen, garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko. Hortik aurrera, proiektuak aurrera egin du. Eta bide horretan, eskualdeko Enplegu Plana prestatu da, egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa egin da, ildo estrategikoak eta lehentasunak identifikatu dira, hainbat mahai sektorial eratu...».
Orain arteko bidea eskualdeko udaletxeetako teknikarien arteko lankidetzari esker egin dela nabarmendu zuten eta lana haziz joan dela: «Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak kudeatzea, eta Udalek eskualdeko enpleguari zuzendutako 1.000.000 eurotik gorako ekarpenak egitea. Datu horrek erakusten du azpiegitura baten beharra dagoela gaur egun egiten den lana kudeatzeko eta etorkizunera begira proiektu haundiagoak prestatzeko», azaldu zuten. Eta gaineratu: «Horrelako azpiegiturarik ez duen eskualde bakarra gara Gipuzkoan».
«Momentu paregabea»
Momentu paregabe baten aurrean daudela nabarmendu zuten: «Orain dela bi urte ereindako hazitik sagarrondo eder bat jaio da eta dagoeneko lehenengo fruituak ematen ari da. Orain fabrika bat sortzeko unea iritsi da, gure sagardotegi propioa sortzekoa, sagarrari ahalik eta zuku gehien ateratzeko eta anbizio haundiko proiektuak egiteko. Sagardotegi hori izango da eskualdeko udelerrien ordezkariok proposatzen dizuegun Garapen Integraleko Agentzia berria».
Udaletara eramango dute proposamena, babesa eman diezaioten.