«Martxorako urbanizazioa egina izango dugu, eta 2016ko udararako, lokal berria»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 18a

Bizirik dagoen auzoa da Mar­tindegikoa. «San Martinak, adibidez, laster ospatuko dira, eta 80tik gora auzotar elkar­tzen gara orduan. Auzoak badauka horretarako bizitza: San Ferminetan, San Martine­tan, Olentzerotan... jende asko biltzen gara», azaldu dute auzotarrek. «Umeak ere gero eta gehiago dira. Beraz, etorkizuna egon, badago. Baina egiten ez badugu, ez da egongo. Bakoitza etxean sartuta egongo da».
Horregatik, lokal berri bat behar-beharrezkotzat jotzen dute. Horretarako, Ibai Kerejeta arkitektoaren hiru proposamen bildu dituzte, eta lanak hasteko eskaera egin zuten, urriaren 10ean Hernaniko udaletxean, eta 14an, Astigarraga­koan.  «2016ko udaran lokal be­rrian egon beharko genuke», kalkulatzen dute auzotarrek.

Lokal berria, urteetako beharra
Lokal berri bat egiteko proiektua ez da kontu berria. Orain arte, Oialumeko tabernari pegatuta dagoen lokal batean bildu izan dira, garaje txiki batean. Baina lokala ez dago egoera onean, zaharra eta txikia da, mahaitxo bat besterik ez duena, eta komun eta sukalderik gabea. Gutxienez, 15 urte daramazkite bertan.
«Pentsa! Auzo elkarteei laguntza ematen die udaletxeak, umeentzako tailerrak antolatzeko. Guk eskatu genuen. Baina lokala nola zegoen ikusita, egokituta ez dagoenez, atzera bota zuten eskaera».
Lehen, gutxienez, Oialu­me­ko taberna zegoela diote, baina orain, hori ere ez. «Oialu­meko taberna izan da beti biltokia. Denak etxean bezala sentitu izan gara hor. Baina gaur egun ez da urte osoan irekita egoten.  Eta ez daukagu biltzeko beste tokirik. Txalakako urbanizazioa egin dutenetik, Villa Barkin eta hemengoak bertan biltzen gara, parkean, eguraldi onarekin. Baina gainontzean, Hernani eta Astigarraga artean egonda, en tierra de nadie gaude, eta oraingoz, lokalik gabe!».

Lizardi-enen, urbanizazio berrian, edo parke ondoan, baina lehenbailehen
Lokal berri bat lortzeko helburua aspaldidanik buruan izan dutenez, toki bat baino gehiago bururatu izan zaiela onar­tzen dute. «Lizardi-enea, lixardine, hutsa egon da urtetan, eta bere garaian lokal berria hor egitekoak ginen. Baina egoera kaxkarrean zegoen, eta azkenerako, eraikina bota egin zuten».
Geroago, beste toki bat bururatu zitzaien: «Iturri inguruan 14 bat etxebizitza egitekoak dira. Beraz, lur horien trukean udaletxeari konzesio bat egin beharko liokete, eta pen­tsatu genuen lokala hor joan zitekeela, Zelaia baserriaren ondoko baratzetan. Baina dena geldi dago. Egiten dutenean, igual, plaza egin genezake bertan. Baina lokala lehenbailehen behar dugu».
Hori horrela, badirudi aurkitu dutela lekua: umeentzako parkearen ondoan, plazari begira.

«Etorkizuna egon, badago. Baina egiten ez badugu, ez da egongo. Bakoitza etxean sartuta egongo da».

Lanak, auzolanean eta Hernani eta Astigarragako Udalen laguntzarekin
Lokala non eta nola egin erabakitzeko, Ibai Kerejeta arkitektoarekin jarri dira harremanetan Martindegiko auzotarrak. «Ereñotzuko frontoia ere berak egin zuen, eta baita Epeleko aterpea ere, auzotarrek auzolanean egindakoa».
Aurtengo aurrekontua, obra egitera bideratutakoa, 30.000 eurokoa da, Hernaniko Uda­laren partetik, eta beste 10.000 eurokoa, Astigarragako Uda­laren partetik.
«Proposamen bat baino gehiago egin dizkigu. Hasieran, pentsatu genuen umeentzako jolas parkea kendu eta hor jartzea. Baina, gero, pentsatu genuen hobe zela parkea bere horretan uztea, eta lokala, parketik plazara bidean egitea. Errepidea, zati horretan, nora­bide bakarrekoa da, eta nahiko zabala. Beraz, asmoa da zati horretan espaloia haunditzea, eta lokala eraikitzeko tokia egitea».
Behin hori erabakita, obrarako dagoen aurrekontua nola erabili daitekeen ikusi behar izan dute: «lehenengo urbanizazio lanak egin behar dira, eta guk hiru proposamen bildu ditugu, 40.000 euroko aurrekontuarekin urbanizazio lan hori egin ahal izateko». Hain zuzen, azken egunetan egin dituzte obrak hasteko eskaerak, Hernani eta Astigarragako udaletxeetan.
«Uste dugu datorren urteko martxorako urbanizazio lana bukatuta egongo dela. Bai! Seguru egingo dugula! Horrela pentsatu behar dugu!», diote.
Behin hori lortuta, hurrengo pausua eraikina bera egitea izango da. «Horretarako, eskatu beharko dugu datorren urteko aurrekontuan berriro ere obrara bideratuko den diru kopuru bat sartzeko, bai Hernaniko Udalak eta baita Astigarragakoak ere. Horrekin, 2016ko udararako lokal berrian egon beharko genuke».  

«Hernani eta Astigarraga artean egonda, en tierra de nadie gaude, eta oraingoz, lokalik gabe!».

Auzoko bizitza mantentzeko ezinbestekoa
Argi diote, Martindegiko auzotarrek, bizitza badagoela bertan. Baina bizitza hori mantentzeko lokala beharrezkoa dela.
«Ez baditugu urtean zehar antolatzen ditugu festa eta ekintzak egiten, ez dugu elkar ikusten. Zuzenean etxera joaten gara. Etxetik lanera, eta lanetik etxera. Ume txikiak izanez gero, parkean elkartzen gara. Baina ikusiko dugu, negua etorri eta eguraldi txarra iristen denean! Bestalde, umeak koxkortuta dauzkagunok ez gara ia elkartzen».
Bi herriren artean banatutako auzoa izanik, auzotar gehienek Hernanira jotzen dutela diote, %75 inguruak, eta beste %25ak, Astigarragara.
«Umeek umeekin egon nahi dute, eta biltzeko tokirik ez badago, ondoko herrietara mugitu behar! Horregatik, erreferentziazko gune bat behar dugu, biltzeko gune bat». Lokalak toki hori emango diela azpimarratzen dute.

«Erreferentziazko toki bat behar dugu, biltzeko gune bat».

Udalek apustua, auzo elkarteen alde
Hernani eta Astigarragako udaletxeek zaila ikusten dute obrak noiz bukatuko diren zehaztea. «Burokraziak asko mantsotu du prozesua, eta baita lanek ere. Errazena da eskabadora sartzea, baina ikusi egin behar da zer eta non egin daitekeen. Gainera, bi herriren eta bi Udalen artean adostu behar izan da, eta ez dago aurrekaririk. Hala ere, ados jarri gara, eta zehaztu dugu lokala non jarri eta obrak nola egin. Hitzarmen hori, gainera, garrantzitsua izan daiteke etorkizunerako», azaldu dute Hernanitik.
Era berean, Hernaniko Udalak argi utzi du bere konpromisoa zein den: «Legegin­tzal­dia bukatu aurretik korapiloa askatuta eta obra bideratuta utziko dugu. Guretzako in­portantea da auzo elkarteak eta auzolana sustatzea, eta ho­rretan ari gara. Auzolanerako partida batzuk egoten dira urtero: Etxeberrin auzolanean ari dira lokala berritzen, Zi­kuñagan auzolanean konpondu dute frontoia... Martindegi da auzo elkartearentzako lokal publikorik gabeko auzo bakarra, eta horregatik, obrarako diru gehiago bideratu dugu, elkartearen aldeko apustua eginez. Baina datorren urtean, auzolanean eraiki beharko dute lokala. Udala eta auzo elkartea ados gaude».
Astigarragan ere elkartearen aldeko eta bi herrietako Udalen arteko hitzarmenaren alde egin dute: «dirua dagoen heinean, prest gaude gehiago jartzeko».

 

Lokala, parkea eta plazaren artean

Aurkitu dute lokala egiteko tokia: jolas parkearen ondoan, Zelaia baserriaren atzealdean gelditzen den plaza berriari begira.

Proposamen bati baino gehiagori bueltaka ibili ondo­ren, aurkitu dute lokal berria eraikitzeko tokia: Txalakako urbanizazio be­rrian egindako umeen­tzako jolas parkearen ondoan, Zelaia baserriaren atzeal­dean gelditzen den plaza berriari begira.
Gaur egun, Oailumetik jolas parkera, eta Iretza sa­gar­dotegi aldera dijoan bidea norabide bakarrekoa da; Mi­kel Arozamena Bidea. Bide ho­rretan, jolas parkera iritsi baino lehen dagoen kurba zabal xamarra da, norabide bakarreko bide batentzat, ko­txeentzako aparkalekua da­go­en ho­rre­tan. Hain juxtu, za­balgune hori aprobetxatu nahi dute lokal berria egiteko.
Parkearen eta plazaren artean dagoen espaloia zabaldu egin nahi dute, errepideari zati bat kenduta, eta bertan egin lokala.
Eraikinak aterpe bat ere izango duela aurreikusten dute, eta aterpe hori plazari begira egongo da, horrela, kanpoaren eta barruaren arteko lotura errazteko.

Auzorako borda berria

Diseinuaren arabera, lokal berriak 65m2 izango ditu, eta beste 37m2-ko aterpea.

Borda itxura eman nahi diote lokal berriari. Hormi­goizkoa izango da, baina ladriloz eta egurrez estalia, eta gainean panelak jarrita.
Barrutik, lokalak 65m2 izango ditu, eta horrez gain, luzapen bat izango du, 37m2-ko aterpea egiteko.
Barruan mahai haundi batentzako lekua izango da, eta horrez gain, sukaldea eta komuna izango ditu. Horrela, lokalak auzotarren beharrak beteko ditu. Izan ere, batetik, nahikoa leku izango da bileretarako, eta baita festen bueltan egiten dituzten bazkari eta afariak egiteko, edo haurrentzako merendolak antolatzeko.
Era berean, trasteak gordetzeko ere balioko die: «orain arte baten eta bestearen etxeko sotoan edo garajean gordetzen ditugu festetan erabiltzen ditugun materialak».
Eta nola ez, eguraldi txa­rra egiten duenetan, non bil­du izango dute auzota­rrek: «bestela, ez dugu elkar ikusi ere egiten. Nor bere etxe­ra joaten da zuzenean».

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!