Haatik dantza konpainiako 10 dantzari igoko dira taula gainera, bertsoek sortzen dituzten sentimenduak mugimenduaren bidez transmititzera. Sustrai Colinak sortutako bertsoak dantzatuko dituzte batetik, eta Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaravillek egindako bertso musikatuak, bestetik.
Beste egile batzuen kantu ezagunak entzuteko aukera ere izango da: Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta Gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizarenak, hain zuzen.
Dantza berriak, bertsoei jarriak
Horrela ere deskribatzen dute Errimak Oinetan emanaldia, Unai Elizasu eta Aiert Beobide zuzendariek: dantza berriak, bertosei jarriak. Izan ere, bertsoak idatziak izango dira, eta dantzariek edukiko dute inprobisaziorako tartea.
Baina, bertso bakoitza tono aproposean kantatuko duten abeslariak ere kontu haundiz aukeratu dituzte: Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregi. Hala ere, hauek megafoniatik entzungo dira, dantzak izango baitu gaur protagonismoa.
Dantzaren bidez ‘entzungo’ ditu bertsoak, publikoak.
San Joan Konpartsa, anfitrioia
Errimak Oinetan ikuskizuna Hernanira ekartzearen arduraduna San Joan Konpartsa izan da. Ikuskizun interesgarria eta berria dela uste dute, eta horrelako gutxi ikusteko aukera dagoela herrian. Horregatik, honekin saiakera bat egin nahi izan dute, eta ondo ateraz gero, aurrerantzean beste emanaldi batzuk ekartzeko asmoa ere azaldu dute.
Bestalde, dirua biltzea lortzen badute, 2016an Argentinako Necocheara egitekoak diren bidaiarako erabiltzea da beste helburu bat.