«Onddoak harrapatzeko onena, informazioa edukitzea!»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 18a

Sekreturik ez duela dio Joxe Mari Arandia hernaniarrak. «Tokatu egin zen». Kontua da, nahi gabe edo nahita, baina onddo ederra bildu zuela orain gutxi Orendain aldean.

Gutxi ibili, eta hala ere, aurkitu
«Asko ez naiz ibiltzen», aitortu du Arandiak. «Ni ez naiz dakien horietakoa, baina tokatu egin zen».
Udazken aldera ateratzen dira onddoak, «nahi duenenan ateratzen da». Askoz gehiago ere ez omen daki. Baina hara non, onddo beltz eder batekin bueltatu zen etxera.
Kilo eskas pisatzen omen zuen. «Txapela zuen ederra; 300 milimetroko diametroa zuena!». Tamainarekin harrituta, lagunei erakutsi zien Oindi tabernan.

Onddo beltz haunditik, mokadu txiki bat ere ez
Onddo beltzak ikusmina sortu zuen, eta probatzeko aukerarik gabe gelditu zen Arandia.
«Lasa anaiak badira, gaztarekin ibiltzen direnak, eta azokan onddoak ere jartzen dituzte. Nik Mikeli eman nion on­ddoa, Tolosako azokan jartzeko-edo. Gero, badakit Carrero tabernan egon zela, barran, jendeak ikusteko. Eta azkenean, ez dakit non bukatu duen. Nik behintzat, jan, askorik ez nuen egin!».

Beste onddo kolpe baten esperoan
Udazkenean bete-betean sartu gara, dagoeneko, eta oraintxe dute ateratzeko garaia, onddo beltz, xixa hori, gibel urdin eta gainerako guztiek.
«Esaten dute ilberri inguruan ateratzen direla onddoak, beraz, laster izango direla pentsatzen dut, lehengo astean tokatu baitzen ilberria. Aste­beteko edo hamabost eguneko kolpeak izaten dira. Baina egun hauetan, perretxikoak atera­tzeko euri pixka bat falta da».
Hortik aurrera, ibiltzea da kontua, baina lurrera begira! «Mendian ibili egin behar izaten da, perretxikoak aurkitu nahi badira. Onddoak harrapatzeko onena, informazioa edukitzea! Eta entrenatuta egotea! Gero, jendea ibili gabeko toki zikinak bilatu behar...».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!