Martxan da CD Hernani atletismo taldea, beste denboraldi batez. Azaroaren 1ean hasiko dira lehiatzen, ofizialki, eta ostegunean egin zuten aurkezpena. Aurten, 170 atleta inguru lehiatuko dira, eskola kirolean, federatuen artean eta lasterketa herrikoietan.
Klubak antolatuta, proba ugari
Zenbakiek argi uzten dute, atletismoak Hernanin duen indarra. Baita lasterketen antolaketak ere. Klubak, hainbat proba antolatuko ditu, denboraldi honetan ere. Txikientzat, bizpahiru txapelketa egingo dira Hernaniko pistan, eta beste bi edo hiru antolatuko dituzte Donostiako belodromoan.
Lasterketa herrikoiak ere prestatuko ditu CD Hernanik. Hiru izango dira aurten ere: Wukroren aldeko San Silbestrea, urte zahar egunean; Sagar Lasterra, otsaileko azken larunbatean; eta Axeri Bila, San Joan jaien aurretik.
Aurkezpenean, taldeko marka onenak dauzkaten atletek diploma bana jaso zuten.
100 urte lasterketetan
Taldeko arduradunak konturatu dira, aurten 100 urte betetzen direla, aurreneko lasterketan parte hartu zutela. Adarragatarrak izan ziren aitzindariak, Hernanin.
Marka onenei, diploma
Aurkezpenean, taldeko marka onenak dauzkaten atletak errekonozitu zituzten, eta diploma bana eman zieten. Horrela, taldeko atleta historikoak eta egungo promesa haundiak elkartu zituzten. Jarrai dezatela markak botatzen!