«Ziraba proiektua miresgarria iruditzen zait; hori da inguruarekin bat egitea»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urr. 18a, 02:00

Udaran Zepadiko putzuak bisitatzen izan zen Iñaki Mezquita. Ziraba proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen, eta baita bertako burruntzi espezieak ezagutzekoa ere. Gaur berriro etorriko da Epelera, Zepadiko putzuen urteurrena ospatzera; hitzaldia emango du 10:00e­tan, eta urriaren 19tik 25era bitartean, Zepadiko eta Euskal Herriko burruntziei buruz prestatu duen erakusketa ikusi ahal izango da Ereñotzun.

Irakaslea, hainbat libururen egilea, tximeleta eta burrun­tzietan aditua, argazkilaria… nola definituko luke Iñaki Mezquitak bere burua?
Ni, betidanik, behatzaile amorratua izan naiz. Nahiago izan dut animalien artean egon, hauei buruzko liburuekin ari­tzea baino. Nire betiko interesa Natura eta Naturan bizi diren izakien sekretuak behatzea, eta, ahal dudan neurrian, ar­gaz­kietan jasotzea izan da. Asko­tan, trufa gisa, intsektuen paparazzi bat naizela esaten dut.

Denok ulertzeko moduan azalduta, zer da burruntzi bat, Iñaki?
Burruntziak intsektu hegalariak dira, intsektu helduak direnean (ugaltzeko gai direnean): sei hanka dituzte, lau hego, bi begi konposatu eta buruan bi antena txiki ere bai. Metamorfosia xinplea da, tximeletena ez bezala, eta larbak direnean uretan bizi dira.

Urteak daramazkizu burruntziak ikertzen eta hauen argazkiak ateratzen. Zergatik burruntziak? Zer du animalia talde honek erakartzen zaituena?
Nire lehenengo intsektuak tximeletak izan ziren. Hogei urte pasa nituen beraien atzetik, baina burruntziak begi-bistatik galdu gabe, hasiera hasieratik. Orain dela 9 urte, gainontzekoak ahaztu eta beraiekin abiatu nintzen hegan. Harrituta uzten ninduten beti beren energia eta “bizipoza” ikustean. Energia hutsa dira, beti zerbait egiten ari dira: ehizan, bikote bila, ugaltzen, borrokan… Harriga­rria da be­ren bizitza eta, zer esanik ez, duten edertasun aparta.

Hernanin guztiei burruntziak deitzen zaie, baina euskera batuan bi talde bereizten dira: burruntziak eta sorgin-orratzak. Zein da hauen arteko ezberdintasuna?
Intsektu hauei Odonatu ere deitzen zaie (barailetan dituzten “hortza” itxurako organoei esker). Odonatuak bi taldetan banatzen dira: Zygoptera eta Epiprocta azpiordenak. Azke­ne­ko honetan Anisoptera in­fra­ordenekoak daude. Zygop­tera dira guk sorgin-orratz deitzen diegunak, eta burrun­tziak Anisoptera taldekoak. Labur esateko, sorgin-orratzak txikiak eta lirainak dira, hegoak bizkarrean bilduta posatzen dira eta itxura luzexka dute. Burruntziak, berriz, hegoak zabalduta posatzen dira, beren itxura sendoagoa da eta aten­tzioa deitzen dute, berehala.
 
Sorgin-orratza hitzak bere misterio puntua badu eta Hernanin, besteak beste, infernuko burruntziak ere deitzen omen zaie. Zergatik? Arriskutsuak dira?
Intsektu hauen kaltetarako, Erdi Arotik datorkie zorigaiztoko animalien ospea. Garai haietan, gizakiek ulertu edo menperatu ezin zuten dena jainkoari edo deabruari leporatzen zieten. Jakina, gauza txar guztiak deabruaren eginak ziren. Eta honek, bere helburu maltzurrak lortzeko, begi handiko animalien laguntza jasotzen zuen. Horiek ikusten baitzuten gizakion ahuldadeak non zeuden gero bere maisuari kontatzeko. Hontzak, euliak, sugeak, muskerrak, apoak eta burruntziak, bat-batean, deabruaren laguntzaileak bilakatu ziren, garai hartako langabezia gaur egunekoa ez bezala arinduaz. Hau, herri eta kultura askotan gertatu zen, ez hemen bakarrik. Zorionez, baziren eta badira beste muturrean jar­tzen dituzten kulturak eta herriak; Japonia, adibidez.

«Deabruak, bere helburu maltzurrak lortzeko, begi handiko animalien laguntza jasotzen zuen; tartean, burruntziak».

Zein da burruntziek betetzen duten funtzioa naturan? Onuragarriak izan daitezke gizakiarentzat?
Odonatuak ehiztariak dira, haragijale hutsak. Beste in­tsektuak jaten dituzte, eta beraien artean ere ez dira kikiltzen edo errukitzen diren horietakoak, eta, guretzat in­tsektuen artean hainbeste espezie “desatsegin” eta “kaltegarri” badenez, gizakiontzat intsektizida naturalak eta apartak direla esan dezakegu ezbairik gabe. Bestalde, garbi utzi behar dugu gizakioi ezin digutela inongo erasorik edo kalte fisikorik eragin (“sacaojos” ere deitu ohi zaie zenbait lekutan…).

Hernaniko Kronikak parte hartzen duen Ziraba proiektukoek gonbidatuta, Epelen egon zinen duela gutxi, aurreko urtean auzolanean sortu ziren Zepadiko hezeguneetan. Zer iruditu zitzaizun gunea?
Gure inguruan galdu diren hezeguneak zenbatu ezinak dira. Horrelako ekimenak oso baliogarriak dira hezegune horietan bizi diren espezieei laguntzeko garaian. Gauzak oso ondo egin direla esan beharra dago, mi­krohabitatak sustatuz, ingu­ruaren ahala aprobetxatuz.

Eta burruntzi aldetik? Leku aberatsa al da? Zenbat espezie aurkitu dituzue?
Bere aberastasun osoa ezagu­tzeko ez da bisita batekin nahikoa, noski, baina bisita horretan topatu genituen espezieak kontuan hartuta, udako garai jakin horretan, oso leku interesgarria eta aberatsa dela esan dezakegu, inongo beldurrik gabe. Errekan hiru espezie topatu genituen eta putzuan bederatzi gehiago. Ziurrenik, urtean zehar hogei ingurura ailegatuko garela pentsatzen dut. Gipuzkoa osoan 43 aurkitu direnez, ez da txantxetarako kopurua.

Zein ezaugarri du Zepadiko guneak burruntzientzat erakargarria izateko?
Esan bezala, mikrohabitat desberdinak lortu dira: ura mantentzen duen urmael bat, hezea mantentzen den beste bat eta lehortzen den beste bat. Ho­rre­taz aparte, errekaren gertutasuna beste elementu aberasgarri eta garrantzitsua da. Horrelako habitat desberdinak hain gertu egoteak espezie asko biltzea ekartzen du, azalera txikian. Ez da ahaztu behar, baita ere, landarediak eta zuhaiztiak duten garrantzia eta presentzia bertan.

«Hezeguneak errekuperatzea eta zaintzea inguruarekiko justizia egitea da».

Gaur, Zepadiko hezeguneak auzolanean sortu zirenaren urteurrena betetzen denez,  hitzaldi gidatu bat emango duzu. Zeri buruz ariko zara? Eta Ereñotzuko Kultur Astean jarriko duzun erakusketan zer ikusiko da?
Animalia hauek sortarazten didaten zirrara eta emozioa transmititu nahi nuke. Bere hegaldiak, bere ohitura miresgarriak, bere ugaltze sekretua… eraman nahi nituzke nirekin bertara. Erakusketa berriz,  bi metro karratuko hamabi paneletan animalia hauen bizimodua eta ohiturak jendearengana helarazteko ahalegin bat da. Estetika asko zaindu delarik.

Zer iruditu zaizu Ziraba proiektua?
Txalogarria da. Edozein herri edo bazterreko biztanleen gogoak piztu behar lituzkeena bere inguruan ere horrelako zerbait bultzatzeko. Hori da inguruarekin bat egitea eta bertako senti­tzea. Miresgarria iruditzen zait.

Egokiak iruditzen al zaizkizu hezeguneak berreskuratzea bezalako ekimenak?
Egokiak ez ezik, ezinbestekoak esango nuke. Ohituta gaude, batez ere Gipuzkoan, ura nonahi ikusten, eta bere beharra edo gabezia ez sentitzen. Baina ku­deaketa mailan astakeri haundiak egin ditugu mendeetan zehar, eta hezeguneak errekuperatzea eta zaintzea ordainaren zati bat besterik ez da, inguruarekiko justizia besterik ez.

Irakaslea zara lehen hezkuntzan. Nolako etorkizuna du gure ondare naturalak? Nola ikusten duzu gazteek naturarekin duten harremana?
Informazioa badago. Asko. Ba­tzuetan, okerra ere bai. Hitz egin ere asko hitz egiten da, ikastetxeetan ere proiektu eta egitasmo anitz eta ugari bul­tzatzen dira, eta honek bere uzta eman beharko du noizbait. Gizakiok Naturatik gero eta urrunago bizi gara. Erres­petua eta armonia bilatu behar dugu, gu ere parte sentitu, bat gehiago izan bere barnean; ez jabe edota kudeatzaile ahalguztidun sentitu. Gazteak be­rez­ko grina du, indarra eta kemena; hori bideratu egin behar…

Zepadiko putzuaren urteurren festa, gaur goizean

Iñaki Mezquitak hitzaldia emango du 10:00etan. Putzura bisita egingo da 11:15etan, eta 12:00etan, diploma banaketa.

Atzo, urriak 17k, bete zuen urtebete Zepadiko hezeguneak, eta horixe os­pa­tuko da gaur Ereñotzun, sortze prozesu hartan auzolanean aritu zirenekin.
Goizeko 10:00etan hitzaldia emango du Iñaki Mezquitak Epeleko aterpean: Burruntziak, uraren hegoak. Gero, 11:15etan Zepadiko putzura bisita egingo da, eta bertan jarri diren panelak aur­keztuko dira. Bukatzeko, 12:00etan ha­mai­ketakoa egingo da Epeleko aterpean, eta diplomak banatuko zaizkie Txirrita Es­kolako umeei, Aranzadi Zientzia Elkar­tearen laguntzarekin hezegune­a­ren jarraipena egin dutelako. Gainera, argazki lehiaketako sariak banatuko dira.
Bestalde, Ereñotzuko Udazken Kul­tu­ra­laren barruan; Mezquitaren erakus­keta ikusi ahal izango da larunbatera arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!