«Zuzenekoan beste tentsio bat duzu, freskoagoa da; gehiago gustatzen zait»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 11

Joxan Ruizek 24 urte daramatza ikusentzunezkoen arloan lanean; orokorrean, telebista programetako errealizadore gisa.
8 urte egin zituen Madrilen eta telebista kate ezagunetan ibilia da: Tele 5, Antena 3, Canal +... Azken 14 urtetan, Bainetentzat egin du lan. Frontón eta Decogarden saioak grabatzen ditu egun. Hamaika Telebistarekin ere kolaboratzen du.

Hainbat telebista saio grabatzen egiten duzu lan. Zein da zehazki zure zeregina?
Errealizadore lanak egiten ditut telebistan. Irudiak kontrolatzen ditudala esan liteke, dauden kamarak zuzendu… Azken batean, teknikoa den guztia eta irudiari dagokiona, nire esku geratzen da.
Orain dela 14 urte, Bainet produkzio etxearekin hasi nin­tzen lanean eta hainbat telebista saio grabatu izan ditut eta grabatzen ditut beretzat. Fron­ton saioa adibidez, bertan hasi nintzenetik. Larunbatero larun­batero aritzen naiz. Mixer bezala aritzen naiz, hau da, nahasketak egiten. Mo­men­tu bakoitzean ze irudi jarri behar den aukeratzen dut. Kamara bat baino gehiago ari­tzen dira pilota partidua graba­tzen eta nik momenturo erabakitzen dut ze irudi jarri telebistan. Errealiza­dore bezala ere aritzen naiz batzuetan.
Bricomanian ere aritu nin­tzen 6 urtez errealizadore gisa eta orain, 6-7 urte daramatzat Decogardenen. Yolanda Alzo­lak aurkezten du saio hau. Etxeak guztiz aldatzen ditugu saio honetan. Asko gustatzen zait, izan ere, brikolajea oso gustoko dut.

Baina oraintxe, Hamaika Telebistako platoan gaude.
Hamaika Telebistan ere ari­tzen naiz kolaboratzen. Zua­tzu­­ko eraikin hau, PI@ (Polo de Innovación Audiovisual) Donos­tia­ko Udalarena da, eta Teleso­nic enpresak kudeatzen  du. Nik aholkularitza teknikoa eskain­tzen diet eta beraien bezeroetako bat da Hamaika Telebista. Orduan, Hamaika­rako egiten ditut errealizazio lanak. Egia esan, gustatu egiten zaidalako da. Iruditzen zait euskarazko hedabideak bultzatu behar ditugula eta nik modu honetan nire aportazioa egiten dut. Saiatzen naiz nire esperientzian oinarrituta, lagun­tzen. Eta esango nioke jendeari euskarazko hedabideak gehiago kontsumi­tzeko, bertako produktuak kon­tsumitzeko, euskarak etorkizuna izatea nahi baldin badugu. Beti kanpoko produktuak sar­tzen dizkigute, gaztelerazko produktuak, eta hemen gauza onak ere badaude. Ahalegina egiten da behintzat. Komunikabide txikiek sekulako lana egiten dute.

Beraz, autonomoa zara eta  zure zerbitzuak eta ekipoa kontratatzen dituzte. Eta esan didatenez, punta-puntako ekipoa duzu.
Hori da, nire enpresa Truk HD da. Kamarak eta obtikak alkila­­tzen ditut, definizio haundiko lanak egiteko eta aholkularitza teknikoa ere ematen dut. Goi definizioaren alde egin nuen apustua eta saiatzen naiz puntako kamarak izaten, azken teknologietara egokitzen. Guk pilak jarri behar ditugu zentzu horretan. Eskola zaharrekoak gara eta etengabe eguneratu beharra dago.

Telebista saio bat edo beste grabatu, edo zuzeneko zerbait... aldea egongo da. Zuk zer nahiago duzu?
Zuzenekoarekin, adibidez, bes­te tentsio bat duzu, momentuan ondo ateratzeko ardura duzu, eta hori kudeatzen ikasten duzunean, oso polita da. Niri gehiago gustatzen zait, freskoagoa da, beste bizitasun bat du. Baina beste saioek ere badute beraien xarma. Deco­gar­denen adibidez, gero editatu, erritmoa eman, grabaketak teknikoki zuzendu… halako gauzak egin behar izaten dira eta hori ere polita da.

«Jendeari esango nioke euskarazko hedabideak gehiago kontsumitzeko. Hemen gauza onak ere badaude eta komunikabide txikiek sekulako lana egiten dute»

Zenbat urte daramatzazu ikusentzunezkoen munduan lanean? Kontatu iezaguzu zure ibilbidea.
Andoainen egin nituen ikasketak 1988-89 urtean. 90ean, Madrilera joan nintzen gehiago ikastera. Han lan dexente zegoen arlo honetan eta esperientzia berriak ondo etorriko zitzaizkidala pentsatu nuen. 90eko hamarkadan, kate pribatuak azaldu ziren eta ikasteko aukera ikusi nuen 8 urtetan aritu nintzen han. Agentzia batean hasi nintzen, Europa Pressen, gero Tele 5n, Antena 3, Canal +… Eta ondoren, freelance moduan hasi nintzen, nire kamerekin. Denetik probatu nuen. Paparazzi gisa ere aritu nintzen, famosoei argazkiak ateratzen. Beraien atzetik, beraien etxeetan zain ordu pila… hori ere egin izan dut!
Gero, aukera izan nuen hona etortzeko eta 1998an bueltatu nintzen. Atlas agen­tzian egin nituen pare bat urte, Tele 5n agentzia zen eta deskonexioak egiten nituen. Bilbora joateaz pixka bat nazkatu nin­tzen eta Baineten hasteko aukera izan nuen. Han jarrai­tzen dut, Fronton eta Decogar­denekin, batez ere. Hori da nire lana, baina esan bezala, kolaborazioak ere egiten ditut. Batez ere, proiektu horiek gustatu egiten zaizkidalako.

Eta Madriletik Aranora?
Bai, Madriletik zuzenean Aranora joan nintzen. Jaiotzez hernaniarra naiz, baina Ara­non jarri ginen bizitzen emaztea eta biok. Salto haundi bat izan zen, baina salto polita. Eta egia esan, ez zitzaidan batera kostatu Aranora bizitzera joatea. Izan ere, banuen harremana, aitonak etxea zuen Aranon eta astebururo joaten nintzen txikitan. Urumearekin lotura haundia dudala esan liteke. Hernanikoa naiz, emaztea Ereñotzukoa dut, Aranon bizi gara eta semea Goizuetako eskolara joaten da. Urumeako erabateko kutsua dugu, eta euskara nahastua!

Paparazzi lanetan ibili zinela esan duzu. Eta beste mota bateko lanak egin izan dituzu, telebistako saioez gain?
Dokumentalak ere egin izan ditut. Orain, Burbunak eta Etsayak dokumentalarekin ari gara eta errealizadore eta kamara lanak egiten ari naiz. Hernaniko eskubaloi taldearen inguruko dokumentala ere egin nuen, Jon Mari Beasaine­kin. Burbunak eta Etsayak dokumentalean ere badabil. Egia esan, taldetxo bat bagabiltza Hernani aldean. Poliki goaz, baina sukaldeko gauzak bezala: mantso egiten badira, hobeto ateratzen dira.
Horrez gain, orain dela urte batzuk, Gregorio Muro hernaniarrarekin laburmetrai batean kolaboratu nuen: Tras los visillos. Zinema munduan ere gauzak egin ditut, baina batez ere, telebistan ibili naiz. Nire lanbidea horixe da orain dela 24 urtetatik. Eta nahiz eta garai onenak ez izan, mantentzen gara. Bainet produktorak gauza politak egiten ditu eta gustora nago.

Aipatu bezala, Burbunak eta Etsayak dokumentalarekin ere bazabiltza. Noizko egongo da prest?
Urte bukaerarako bukatua egongo dela iruditzen zait. Iñaki Sanz (Aranzadi) eta Eñaut Agirrek (Dobera) egindako lanari, bildutako informazioari, forma ematen ari gara. Urume­an bizi diren espezieak euskaraz nola esaten diren bildu dute, baina ez hori bakarrik. Urumean bizi izan diren pertsonaien testigantzak ere bai. Pertsona helduei egindako elkarrizketak daude eta kontatzen dute beraien esperientzia eta bizipenak: arrantza, ehiza, gerra denbora… Krixton altxorra da. Ondare haundi bat bildu da eta oso lan interesgarria da.

Lehengo astean, Aranon ere aritu omen zinen zerbait grabatzen...
Euskararen erabileraren inguruan aritu ginen elkarrizketa txiki batzuk egiten. Euskara mankomunitatetik proposatutako ekimen bat da eta Uda­leko euskara sailetik egin genuen. Aranoarrek nola bizi duten euskara eta zer egingo luketen euskararekiko bildu genuen.

Udala aipatu dugula, zinegotzia ere bazara. Legegintzaldia bukatzear da, zer moduzko balorazioa
egiten duzu?

Ona. Nik uste dut talde polita sortu genuela eta pixkanaka gauzak egiten joan garela. Egoera zaila izan da, murrizketa haundiak izan baitira, baina egin ditugu gauza batzuk. Proiektu batzuk hor daude oraindik: frontoia, kultur etxeko proiektua bukatzea… Lana badago, baina gustora nago egindakoarekin. Egia esan, jaiotzez hernaniarra naiz, baina pixkanaka aranoar egin naiz. Gustatzen zait Arano %100ean eta gustora ari naiz Udalean. Ni mendietako zinegotzia naiz eta gure industria txiki bat da mendia. Hori zaindu behar dugu, ahalik eta ondoen kudeatu, eta alde horretatik pauso batzuk ere eman ditugula uste dut.

Jarraituko zenuke beste lau urtez?
Lehenengo urtean martxa hartu arte denbora joaten da eta oraindik gure proiektua osatu gabe dugu. Hemendik aurrera, gauza gehiago egiteko aukera egonen litzateke. Ez dakit, baina egia esan, gauzak bukatzea gustatzen zait.

Zerbait gehitu nahiko
zenuke?

Nafarroako Gobernuak ETBrekin egindakoa aipatu nahiko nuke. Lotsagarria da. Guk Donostiatik hartzen dugu seinalea eta ez digu eragin. Iruñerrian analogikoaren bidez ikusten dutela uste dut, baina Nafarroako herri askotan ez dute ETB ikusten orain. Serio hartu beharreko gauza bat dela uste dut. Penagarria da gobernuaren jarrera. Nafarroan ETB ezin ikustea larria da orokorrean, baina umeek ez dute telebistarik euskaraz, ETB3 kenduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!