Udalak helegitea jartzea erabaki du

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 11

Alkateak azaldu du: «Ez dago epaiketa politikorik, ondare publikoaren erabilera arduragabea baizik, eta horregatik, apelazioarekin aurrera jarraitzea erabaki dugu». EAEko auzitegiak erabakiko du orain.

Elgopebi kasuan, Donostiako Epaitegiak Mikel Zabala Astiga­rragako alkate ohiaren aldeko epaia eman zuen duela ia lau aste, berak jarritako errekur­tsoa onartuz. Astigarragako Udalak abiarazitako acción de regreso prozesuaren aurrean jarri zuen errekurtsoa, eta epaiaren arabera, Udalak ezin dio erreklamatu Zabalari, Elgopebi kasuan sortutako kalte ekonomikoa ordain­tzeko. Ho­rren aurrean, Gobernu Taldeak apelazioarekin jarrai­tzea erabaki du. Andoni Gartzia alkateak ostegunean eman zuen erabakiaren berri, pren­tsaurrean: «Astelehenean, Donos­tiako Epaitegian helegitea jarri geni­on epaiari Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEJAN-TSJPV) erabaki dezan. Ez gaude ez epaiketa ezta mendeku politiko baten aurrean. Ondare publikoaren erabilera arduragabea egon da eta erantzunkizunak bilatzen eta eskatzen ari gara; ez gutxiago eta ez gehiago. Horregatik erabaki dugu apelazioarekin aurrera jarraitzea», argitu zuen.

«Zergatik ez zuten EAJk eta H!ek ikerketa bideratu?»
Alkateak salaketa ere egin zuen, «zenbait alderdik gai honen inguruan egin duten manipulazioa» adieraziz: «EH Bilduren epaiketa politikoa dela adierazi dute Astigarra­gako H1! eta EAJk, eta gogorarazi nahi diegu kasu hau ikertu eta ardurak banatzeko ekimena, EH Bildu existitzen ere ez zenean, PSEk, EBk, PPk eta zenbait herritar eta elkartek abiarazi zutela. Baina orduan, H1! eta EAJk osatutako blokeo eta ezezkoarekin aurkitu ziren. Zergatik ez zuten EAJk eta H1!ek gutxienez ikerketa bideratu?». Gobernu Taldeak hitza bete duela ere azaldu zuen: «Udal gobernura iristean, gure programan jaso eta herritarrei agindu genien, kasua ikertzeko prozedura abiatu, eta posible bazen, ardurak bana­tzeko asmoa genuela. Orain, berdin pentsatu, sentitu eta egingo dugu. Izenak edo afiliazio politikoek ez dute zerikusirik. Udal diru eta ondarearen erabilera arduragabea eta negligentea egiten duenak jaso beharko du ereindakoa. Hori da legezkoa eta justua dena».

«Ondare publikoa defenditzen jarraituko dugu»
Kasuaren inguruan, honako azalpenak eman zituen alkateak: «Mikel Zabalak txosten teknikorik gabe eta ezkutuan sinatu zuen enpresari batekin kontratu bat; Astigarragako Udala­ren osoko bilkurak inoiz aztertu eta onartu ez zuena. Kontratu honek ondorio latzak ekarri dizkio Astigarragako Udalari: enpresari honi kalteordain eskubide batzuk sortu eta asmatu zitzaizkion Zabalaren sinadurari esker, eta hauek eskatzerakoan epaitegiek 415.896,24 euroko kalte ordaina jasotzeko eskubidea onartu zioten. Gero H1! eta EAJren udal gobernuek beste 146.298,63  euroko interesak sortu zituzten, garaian ez ordaintzeagatik.  Oker dabiltza, guk ondare publikoa defenditzen jarraituko dugu, esku artean ditugun tresna guztiak erabiliz». Erantzun gabeko hainbat galdera daudela azpimarratu zuen eta honakoa gaineratu: «Acción de regreso delakoaren ondorioek diote alkatearen negligentzia existitu zela eta guk ere hala izan zela uste dugu».

Estatuko lehenengo kasua
Emaitzak lortzea zaila dela badakitela aitortu zuen Alkateak: «Izan ere, ez dago jurisprudentziarik aro honetan. Astigarragako Elopebi auziaren acción de regreso da estatu mailan lehenengoa».
Apelazioan zertan oinarritu diren ere azaldu zuen: «Oina­rria da, epaileak ez duela ain­tzat hartu kasuaren eta acción de regreso delakoaren muina. Hau da, epaileak aurreko epaiak onartu baditu ere, eta ondorioz hitzarmenaren baliogabetasuna, ez du aztertu hitzarmena bera, eta hau sinatzeko prozedura. Negligentzia hitzarmenaren sinaduran dagoenez, hori aztertzeko eskatzen dio bereziki apelazioak EAEJAN/ TSJPV auzitegiari, beste hainbat arrazoiren artean. Sartu dadila hitzarmenean sakonki aztertzera».

Udalaren ateak irekita, zalantzak argitzeko
Gobernu Taldeak zuzen joka­tzen ari denaren uste sendoa duela azaldu zuen Alkateak: «Pertsona guztiok legearen aurrean eskubide berdinak ditugula uste dugu eta horren aurrean zein kargu edo ordezkaritza dagoen ez duela inporta. Herritarrei, beste behin ere, edozein zalantzaren aurrean udalaren ateak parez pare irekita dauzkatela gogorarazi nahi genieke auzi honek, edo beste edozein gaik, sortu ditzakeen zalantzak argitzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!