Argazkilaritza bizi duten guztiek prest dituzte kamerak. Igandean Argazki Rallyaren VIII. edizioa izango da jokoan, Foto Forum Hernanik antolatuta. Argazkiak ateratzeko zaletasuna duen edonork hartu dezake parte. Bi maila izango dira: 12 urtera arte eta 13 urte baino gehiago.
Izen ematea eta rallya
Partehartzaileek egunean bertan eman behar dute izena, 09:00etatik 10:00etara, Udaleko arkupetan. Izen ematea debalde izango da 12 urtera arteko neska-mutilentzat; eta gainerakoak 5 euro ordaindu behar dituzte. Rallya 09:00etatik 14:00etara izango da, Hernanin barrena.
Rally bukaeran, 13:00etatik 14:00etara, memoria txartelak deskargatzeko aukera jarriko dute Ave Marian. Bakoitzak, gehienez, 36 argazki deskargatu ahal izango ditu. Lehiaketara, horietako 6 aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak prozesatu ahal izango dira, baldin eta egindako irudiari ez bazaizkio elementuak gehitzen. Argazkiak lehiaketara aurkezteko epea urriaren 22ra arte izango da zabalik.
Zazpi sari, bi mailatan
Helduen mailan lau sari izango dira, eta hiru haurren mailan. Epaimahaiaren erabakia ezagututa, ikusgai jarriko dira Biterin. Sariak azaroaren 7an banatuko dituzte.