«Garapen Agentziaren sorrera momentu historikoa izango da eskualdearentzat»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 15a

«Eskualdeko garapen ekonomikoaren arloan aurrerapauso haundia ekarriko duen proposamenarekin gatoz, gure udalerrien arteko lankidetzari es­ker, aro berri bat martxan jarri dezakeena» hitzekin egin zuen sarrera atzo, Luis In­txaus­­pe alkateak. Burun­tzal­deako Udaletako ordezka­rie­­kin batera aurkeztu zuen Es­kualdeko Ga­rapen Agen­tzia Integralaren proposamena. Sei Udalek osatzen dute Bu­run­tzaldea, eta atzokoan Ur­nietako ordezkaria falta zen; sarreran esan zutenez «Mi­kel Pagolak ezin izan du etorri, nahiz eta dinamika honetan hasieratik egon den».

«Elkarlanean egindako bidearen ondorioa»
Azaldu zuten, proposamena azken urteetan elkarlanean egindako bidearen ondorioa dela: «2012an erein genuen au­rreneko hazia. Helburua zen garapen ekonomikoa eta en­ple­gua bultzatzea. Or­dutik, proiek­tuak aurrera eta aurrera egin du. Bide horretan egin di­ra: eskualdeko enplegu pla­na prestatu, egoera sozioekonomikoaren diagn­osia, ildo estrategikoak eta lehentasunak identifikatu eta hainbat ma­hai sektorial eratu. Azken hauetako parte izan dira gi­zarteratze eta laneratze arloko erakundeak, lanbide heziketa eta berrikun­tzako zentroak, sin­dikatuak, langabetu elkarteak, enpresa haundi eta ertainak...»

Azpiegitura baten beharra
Orain arte egindako bidea Udaletako teknikarien arteko lanari esker izan dela azaldu zuten: «gestio lan guztietaz ar­du­ratu dira: Eusko Jaurlari­tza­ren eta Diputazioaren dirulaguntzak, udalek eskualdeko en­­pleguari zuzendutako 1.000.000 eurotik gorako ekarpena... Datu hauek erakusten dute azpiegitura baten beharra dagoela, orain arteko guztia gestionatzeaz gain, etorkizunera begira proiek­tu haundiagoak prestatu nahi baitira. Buruntzaldea eskualde bakarra da Gipuzkoan, halako az­piegiturarik ez duena. Es­perien­tzia haundiko Garapen Agen­tziak daude Gipuzkoan, eta horiek eskaintzen dituzte, besteak beste, enpresen konpetibitatea bultzatzeko zerbitzuak, enplegu arloko lankidetzak...».
Pausu honetan sinetsi eta ekarpenak egin dituzten guztiei zorionak eman zizkieten, eta historikoki abagune paregabe baten aurrean gaudela azpimarratu zuten: «ereindako hazitik sagarrondoa jaio da. Hasi da lehen fruituak ematen, eta iritsi da sagardotegi propioa sortzeko garaia. Sa­garrari ahalik eta zuku ge­hien atera behar diogu, anbizio haundiko proiektua gauzatzeko. Guztion artean sortutako sagardotegi propio hori izango da gaur gure eskualdeko udalerriek proposatzen dizuegun Garapen Agentzia».

Batzar eta Plenoetara
Proposamena Udaletara eramango dute datozen asteetan, «sostengua eman diezaioten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!