Iritsi da momentua, Inauterietako kartelak diseinatzen hasteko. Udalak aurkeztu ditu, 2015eko Inauterietako kartel lehiaketaren oinarriak. Edozeinek izango du parte hartzeko aukera, eta 600 euroko saria jasoko du onenak.
Aurkezteko epea, abenduak 2
Kartelak aurkezteko epea, abenduaren 2an bukatuko da. Biterin entregatu behar dira lanak, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Sinadurarik gabe eman behar dira, eta kartazal itxian, egilearen izena, helbidea eta telefono zenbakia adieraziz.
Tamaina zehatza
Paperean edo kartoi-lumazko oinarrian aurkeztuz gero, 38 zentimetroko zabalera eta 44ko altuera izango dute, eta edozein kolore eta modalitate artistiko erabil daiteke. Edonola ere, formatu digitalean ere aurkeztu beharko da lana, tamaina berarekin, 300 ppp-ko erresoluzioan eta CMYK erako koloreetan.
‘Hernaniko Inauteriak 2015’, kartelaren goiburua
Kartel guztiek eraman behar dute Hernaniko Inauteriak 2015 goiburua. Kartel onena, Jai Batzordeak hautatuko du, urtarrilaren 15a baino lehen, eta Kultur Batzordeak berretsi.