Buruntzaldeako EAJ-PNVren ordezkariek agerraldia egin zuten ostegunean Lasarte-Orian. Eskualderako prestatu duten garapen agentziaren proiektua aurkeztu zuten. Estitxu Alkorta Lasarte-Oriako bozeramaileak eman zituen azalpenak. Bere esanetan, erakunde berri honek Astigarraga, Hernani, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen egingo luke lan, Udal hauei sinergiak lortu eta zerbitzuak hobetzeko aukera emanez. Besteak beste, ekonomia suspertu eta enplegua eta turismoa sustatzea izango dira agentziaren helburuak: «Proposatzen ari garen agentziak onurak ekarriko dizkie Udal guztiei, elkartuago eta koordinatuago egoteaz gain, indar gehiago eman eta eraginkorragoak bilakatuko lituzkeelako», azaldu zuen Alkortak.
«Proposamen serio eta argia»
Alkortak adierazi zuen Buruntzaldea dela gaur egun, eskualde mailako egiturarik ez daukan bailara bakarra: «Eta behar hori ikusita, EAJ-PNVk hilabeteak daramazki proposamen serio eta argia prestatzen; hau da, Buruntzaldeari kalitatezko agentzia izatea ziurtatuko liokeena». Nabarmendu zuen, jeltzaleek alderdi ezberdinei aurkeztu diela planteamendua, «ahalik eta adostasun haundiena lortzeko helburuarekin». Eta gaineratu: «Eskualdeko egitura hau publikoa eta gardena izan behar da, eta bertan Buruntzaldeako Udal guztien presentzia ziurtatu behar da». Alkortak jakinarazi zuen, enplegua sortzeko helburuarekin, enpresen arteko itunak bultzatzen ahaleginduko direla, «bai eta eskualdeko langileak eta produktuak merkaturatzen saiatzen direnen alde».
Agentziaren osaketari begira, aurreratu zuen Gobernu Batzordea, presidentea eta gerentea izango lituzkeela: «Batzordea, Udaletan aukeratutako ordezkariek osatuko lukete eta presidentea horietako kide bat izango litzateke; indar politiko guztien presentzia ziurtatuko litzateke».
«Proiektuak daukan garratzia ikusita», EAJk proposatu du presarik gabe eta zuhurtziaz jardutea: «Adostasunetik abiatuta, ahalik eta agentzia onena sortzeko helburuarekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu».