Sagar Uzta jaian argazki rallya antolatu zuen Sagardoetxeak eta ostiralean sariak banatuko dira. Arratsaldeko 19:00etan izango da. Horrez gain, rallyan parte hartutakoen argazkiak jarriko dira erakusketan, ostiraletik aurrera. Kultur etxean egongo dira ikusgai, azaroaren 2ra arte. Ordutegia: astebarruan, 09:00-13:30 eta 16:00-20:00; larunbatetan, 11:00-13:30 eta 16:00-19:30; eta igandetan, 11:00-13:30.
Muztioa egiten, familian
Urriko asteburuetan, Sagardoetxeak Hip Hip Urri!-October Children proiektua jarri du martxan, 6-14 urte bitarteko haur eta gazteentzat, eta beraien familientzat. Familia bakoitzak bere sagar muztioa egingo du prozesu tradizionalari jarraituz. Bazkaltzeko, Sagardoetxeako sagastian piknika egiteko aukera izango da (bazkaria norberak eraman beharko du) eta kirikoketa, txalaparta eta jokoak izango dira; edo Hip Hip Urri! menu berezia dastatzeko aukera ere izango da gertu dagoen sagardotegi batean. Jarduera doakoa da haurrentzat eta helduen prezioa, 4 euro. Izena emateko: 943 55 05 75.