Azken lau urteetan indarrean egon da Astigarragako I. Berdintasun Plana eta hilabete hauetan, plan horren ondorioen ebaluazioa egiten aritu da Udaleko Berdintasun Saila, Equalarekin batera. Hori aztertuta, Astigarragan, Berdintasunaren arloan, hobetu beharreko hainbat kontu identifikatu dituzte. Orain, II. Berdintasun Plana osatzen hasiko dira eta hobetu beharreko horiek izango dira plan berriaren muina.
Helburu horrekin, bilera irekia deitu dute bihar, Berdintasun Sailak eta Equalak. I. Planaren ondorioak aurkeztuko dituzte eta bigarren planarentzako proposamenak jasoko dituzte. Arratsaldeko 19:00etan izango da udaletxeko Pleno Aretoan. Astigarragako herritarrak bilerara hurbiltzera animatu nahi dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren arloan ematen ari diren aurrerapausoak ezagutzera. Etxez etxe ere banatu dira diptikoak, gaiaren inguruan informatuz.
Alderdi positiboak eta hobetu beharrekoak
Egindako ebaluaziotik, hauexek ikusi dituzten alderdi positiboak: lan arloan emandako aurrerapausoak; zaintza lanetan erantzunkidetza gehiago; herri txikia, kohesionatua; parte hartzeko aukera asko, antolakunde eta elkarte misto asko; adin ezberdinetako emakumeak arlo politikoan, kulturalean eta sozialean oso aktiboak; Harituzen sorrera; Berdintasun Batzordea, zinegotzia eta Berdintasun Plana.
Hainbat arlotan hobetu beharra ere ikusi dute: erreferente eza (familia, komunikabideak, ea); gazteek arrakastarekin lotzen dituzten ereduak (estetika, gorputzen sexualizazioa, irudi estereotipatuak); rolak familietan eta lan munduan; tradizioaren errotzea; eskubideen lorpenean emandako atzerapausoak; sexismoaren fribolizazioa; kontrolean, jeloskortasunean eta menpekotasunean oinarritutako gazteen artean harremantzeko erdeduak; indibidualismoaren gorakada; berdintasuna dagoeneko “lortuta dagoela”ren sinesmena; sagardotegiak: eremu maskulinizatuak.
Hainbat proposamen
Plan berriari begira, honako proposamenak dituzte:
Arlo instituzionalean, ordezkariak eta eredugarriak (komunikazioa, antolakuntza, jarduerak, lehentasunak, kontziliazio neurriak... ikustaraztea); arlo teknikoan, arlo bakoitzari zuzendutako formakuntza espezifikoa eman, lanean berdintasun ezak antzemateko eta zuzentzeko tresnak eskuratzeko; Berdintasun Plana, errealista, epeekin, arduradunekin, aurrekontuekin eta jarraipenarekin; arlo sozialean, berdintasunaren aldeko borrokan gizonen inplikazio gehiago, sentsibilizazio kanpainak, Astigarragako mugimendu feministaren egituraketa eta etorkinekin elkarlan gehiago; berdintasun arloan, bisibilizazio haundiagoa; hezkuntzan, eremu formaletan eta ez formaletan esku-hartzea, familiekin formakuntza; genero indarkeriaren prebentzioaren arloan, tresnak eskaini batez ere gazteei; kirol arloan, emakumezko kirolariak lagundu eta kirol mistoa bultzatu...