Urriak 1eko ur mozketari buruz, informazioa eskatu dute EAJ eta Hamaikabat Udal Taldeek. Horretarako, nahi dute mozketa sartzea hurrengo Zerbitzu Publikoetako Batzordean. Bi taldeek uste dute, gaia ez dela beharrezko garrantziarekin jorratu: «ulertezina da, gai honetan Zerbitzu Publikoetako arduradunek erakutsi duten arduragabekeria».
«Eman den informazio eskasak, kalte ekonomikoak sortu ditu»
Ur mozketa egin zenean, behar bezainbesteko informazioa ez ematea leporatu diete arduradunei: «ur mozketaren aurrean eman den informazio eskasak edo informazio ezak, kalte ekonomikoak sortu ditu».
Horren harira, kalteordainen erreklamazioak jaso ditu Udalak, eta EAJk eta Hamaikabatek galdetu dute, zein izango den Gobernu Taldeak emango dien erantzuna, erreklamazio horiei.
Ur mozketa irailaren 30ean egin zen, eta urriak 1eko arratsaldera luzatu zen. Udalak onartu zuen, ez zuela modu egokian eman mozketaren berri, eta herritar askok ez zutela jakin: «hurrengoan informazio zehatzagoa emango dugu, eta gehiago zabaldu».