Iritsi da herriko xakelarien urteko zita. Gaur hasiko da Hernaniko Xake Txapelketa, Zumitza tabernan. Eta bertan bilduko dira igandero, arratsaldeko 16:00etan hasita, xake jokalari onenak, txapela preziatuaren bila. Eneko Martiarenak jantzi zuen iazkoa; zeinek lortuko du aurtengoa?
Zazpi jardunaldi
Zazpi astez luzatuko da xakearen lehia Hernanin; zazpi jardunaldi jokatuko dira txapelketan, igandero bat: gaur aurrenekoa, eta hurrengoak urriaren 19 eta 26an, eta azaroaren 2, 9, 16 eta 23an.
Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira partidak, eta jokalariek ordubete izango dute, gehienez, lehia bukatzeko.
Joko sistema suitzarra
Joko sistema suitzarra erabiliko da txapelketan: maila berekoek, puntu berdinak dituztenek, elkarren kontra jokatuko dute.
Bi jardunalditan atseden hartzeko aukera izango du jokalari bakoitzak, eta aurreko igandean eskatu beharko da. Horrela, puntu erdia jasoko da, jokatu gabe.
Saria onenari eta herriko aurrenekoari
Zenbait sari banatuko dira: txapelketako irabazlearentzat, herriko aurrenekoarentzat, eta adinaren araberako onenentzat.