Urteetan egindako botikari lana saritzeko izendatu du Eduardo Aguado Ohorezko Kolegiatu, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak (COFG). Farmaziak eta botikak asko aldatu dira 1976an lanean hasi zenetik, baina ez «pazientea eta farmazeutikoaren artean sortzen den konfiantza, bi norabideetan». Hala uste du behintzat, Eduardo Aguadok, eta gauza bera ikasi eta bizi du orain Aguado farmaziaren kargu egiten denak; Maria Aguado, alabak.
Lehengo astean jaso zenuen Ohorezko Kolegiatu izendapena. Pozik?
Eduardo Aguado: Ilusioa egiten du, bai. Lana, dedikazioa, eta lanean daramazkizun urteak saritzen dituzte. Kolegioak eman zidan batzordearen erabakiaren berri. Saria Kursaalen jaso nuen, Ni Neu jatetxean. Kasu honetan, bertan izan ziren Carmen Peña, Kolegioko Batzordeko Presidentea; Batzordeko idazkaria, Sendagileen Kolegioko ordezkariak, albaitarienak, dentistenak, Osakidetzakoak... jende asko. 100dik gora ginen.
Ia 40 urte daramazkizu lanean. Nola hasi zinen? Asko aldatu al da ofizioa?
E. A.: 1976an hartu nuen. Ordura arte Martuteneko farmazeutikoaren emazteak, Isabel Lopez Espinok, gobernatzen zuen farmazia. Orduan, markesaren palazioaren aurrean zegoen; orain pelukeria dagoen horretan. Gizartea ez zen berdina garai hartan. Nik farmazia hartu nuenean, hau landa-herria zen, nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritua. Garai hartan ez zegoen oraingo garraio edo komunikazio biderik.
Batzuk egunero jaisten ziren herrira baserrietatik, arrautzak, esnea edo baserriko produktuak saltzera, baina beste batzuk, igandeetan bakarrik, mezetara. Beraz, farmazia jai-egun guztietan irekitzen zen, 10:00etatik 12:00etara, lehenengo mezatik ateratzen zirenak eta meza nagusira sartzen zirenak harrapatzeko. Gainera, anbulatoriorik ez zen hemen; Txominenean zegoen. Beraz, jendeak goiz osoa galtzen zuen sendagilearenera joaten. Eta orain jendea kejatu egiten da medikuak berehalakoan hartzen ez dituelako!
«Laugarren belaunaldia ezagutzen dut pazienteen artean. Egun, guraso diren asko besoetan eduki izan ditut, pisatzeko, jaio-berritan!»
Nolako tratua izaten zenuten orduan jendearekin?
E.A.: Farmaziako ordutegia ez zen erregularra, orain bezala. Beharren arabera irekitzen zen. Nik, 21:30ak arte. Zerbitzua emateko interesa edukita, botikaren bat baserriren batera eraman behar bazen, eraman egiten zen. Kultura sanitarioak hobera egin du; asko. Orduan, ezjakintasuna haundia zen. 10 bat urte izango ziren Gizarte Segurantza sortu zela. Eta noski, jendeak ez zuen, orain telebistarekin edo internetekin bezala, hainbeste kultura. Orain denek dakite zer hartuko duten, begiratu egiten dute... Orduan guztia azaldu behar izaten zen; zer hartuko zuten, zertarako ziren... Eta horrek, jendearengana gerturatzea eragiten zuen. Jendeak konfiantza zuen gugan. Gu baikinen gertuen zegoena, eta informazioa eta segurtasuna ematen ziena; zer hartu behar zuten, nola... Baita nondik ere! Ezjakintasuna haundia zen.
Izaten al zen saltzeko zaila zen botikarik? Taburik?
E.A.: Preserbatiboak eduki ere, ez ziren edukitzen farmazia askotan! Ezta antisorgailuak ere! Errezetarekin eskatzen ziren; orain ere bai, baina orduan... Hala ere, tabuak ez. Baina gauza asko zegoen jendeak ezagutzen ez zituenak: esprai inhaladoreak ez ziren existitzen, adibidez. Injektatzen ziren botikak gehiago ziren, eta formulazio gehiago. Albaitari lan asko ere egiten genuen. Pomadak egin behar izaten genituen zaldi edo behientzako, animalien azkazaletarako... Beharra zegoen, eta jendeak eskatu egiten zuen albaitari lana. Farmazian lan egiteko modua ere aldatu da.
Sistema bera aldatu dela esan nahi duzu? Erregulazio haundiagoa dago orain?
E.A.: Bai. Orduan, salmenta guztiak koaderno batean apuntatzen genituen, eta gero, telefonoz transmititu (eskatu): aspirinak 2, beste hau, hainbeste... Gero, transmititzeko pantaila iritsi zen. Baina horrek ez zizun esaten eskaera jaso ote zuten; ez zuen bestelako komunikaziorik onartzen. Telefonoa bertara konektatzen zen, eta berak egiten zuen transmisioa. Hala ere, hori aurrerapen haundia izan zen. Lehenengo ordenagailua iritsi zen arte. Gainera, ordenagailua erabiltzen hasi zen aurrenekoetako farmazia izan zen hau. Izan ere, orduan, ordenagailuak jarri zituen kooperatiba bateko presidente nintzen. Orain almazenarekin zuzeneko harremana daukagu; eskatu duguna ba ote dagoen, zein prezio duen... Kontsejuaren Banku Zentralarekin zuzeneko harremana dugu, eta hor datu guztiak dauzkate.
M.A.: Informatikak, gaur egun, gauza horietan denetan laguntzen digu. Baina guztiz salduta gaude! Informatikarik gabe ez dugu ezer egiten farmazian. Jarraituko dugu aholkuak edo argibideak ematen, baina botikak banatzeari dagokionez... asko murrizten da. Bentaja bat da, baina baita lotura ere; gauza guztiak bezala!
«Lehen baserrietara igo behar izaten zen botikak eramatera, edo odola ateratzera analisi klinikorako».
Dena elektronikoa denetik, ezin medikuen letra txarragatik kejatu!
E.A.: Horixe! Errezeta elektronikoarekin! Bentaja da denontzako, erabiltzaile eta farmazeutikoentzako. Zuk zure osasun txartela ekarri behar duzu. Guk hori ordenagailura konektatu, gure kodigoa sartu (baimena lortzeko), eta pertsona horren sendagaien datuak agertzen dira: zer ari den hartzen, zer erosi behar duen, noiz arte hartu behar duen, nola... Hori inprimatu ere egin daiteke, pazienteari emateko. Hori bai, historial farmazeutikoa bakarrik ikusten dugu, ez historial medikoa. Hori pribatua da.
Hainbeste aldaketarekin, paziente eta farmazeutikoen arteko konfiantza maila ere aldatu al da?
E.A.: Horrek berdin jarraitzen du. Bi norabideetan gertatzen da. Jendeak ikusten zaitu eta badaki hor zaudela, edozein arazo konpontzen laguntzeko. Horrek sortzen du konfiantza
M.A.: Zuzeneko tratu hori da. Badakite gertu zaudela, ez dutela ordua eskatu behar. Medikua agian ez da horren akzesiblea. Eta egunerokoan, guk orientatu, eta batzuetan, arazoa konpontzen diegu. Askotan konfidente lana egiten duzu. Herri batean, pazientea beti bera denean, horrela fidelizatzen duzu, arreta pertsonal eta sanitario horren bidez.
E.A.: Kontuan izan dagoeneko 4garren belaunaldia ezagutzen ari naizela. Gaur egun guraso diren asko besoetan eduki ditut nik, pisatzeko, jaio-berritan. Horrek konfiantza haundia sortzen du. Jakitea hemen zaudela laguntzeko. Badakite, behar izanez gero ere, etxera gerturatu zaitezkeela behar duten botika eramateko. Gaur egun, garraio bideak errazagoak dira, baina garai batean baserrietara igo behar izaten zen. Edo analisi klinikoak ere egiten nituen, eta horretarako, neroni igotzen nintzen odola ateratzera, etxeetara.
«Aitak farmazian laguntzen jarraitzen du; beti daukat zer ikasia, eta aita erakusteko dago».
Asko aldatu da osasun sistema?
MA.: Lehen eta orain farmazeutikoak kontu haundia izaten du, baina orain asko hobetu da, eta errazagoa da akatsik ez egitea, dena kontrolatuta egotea.
E.A.: Lehen gehiago joaten zen mediku partikularrera. Eta orain osasun publikoak oso ondo funtzionatzen du, eta ez da behar.
Botika gehiegi hartzeko ohitura badugu orain?
E.A.: Ez. Kontrola haundiagoa da.
M.A.: Nik uste dut belaunaldi desberdinak daudela. Badago jende gaztea asko hartzea gustatzen ez zaiona, pentsatzen duelako txarra dela. Gu saiatzen gara ikusarazten gehiegi hartzea txarra dela, baina behar dena hartu egin behar dela. Eta normalean pazienteek konfiantza izaten dute.
Medizina alternatiboak, belar-dendetako produktuak, gehiago erabiltzen dira?
E.A.: Hemen kultura hori beti egon da: berbena enplastoak, hepatika hartu izan da transaminasetarako... Kultura herrikoi hori beti izan da hemen.
M.A.: Nik uste dut farmazietan ere, fitoterapia bultzatu dugula beti. Ukenduak beti egin izan ditugu, formulazio magistrala zen. Gero, belarren ezagutza belar-dendetan, edo homeopatia, kultura haundia dago. Eta prebentzioa asko lantzen da. Badirudi beti ari garela sendatzeko botikez, baina bada, baita ere, zerbait agertzea aurreikustea. Horregatik, fitoterapia, infusioak, bitaminak... bultzatzen ditugu.
E.A.: Gero askotan, norberaren konfiantza mailaren araberakoa da, baina guk informazioa beti ematen dugu.
Zein motako aholku eske etortzen da jendea, gehienbat?
M.A.: Galdetzen dute nola hartu behar duten, edo zer egin behar duten sentitzen dituzten sintomen arabera, edo zer hartu behar duten eztularen arabera...
E.A.: Edo umeen kasuan, udaran, granoak-edo agertzean, galdetzen dute zer egin behar duten. Guk aholkatu egiten dugu: hau hartu, edo, nik sendagilearenera eramango nuke. Ia 40 urtetan denetik pasa zait. Behin emakume batek belarrirako tantak bota zituen begian, kolirioa zelakoan! Mota guztietako galderak egin izan dizkigute. Konfiantza dute gugan, eta agian medikuari esaten ez diotena guri esaten digute.
Egun hauetan beste kezka bat nagusitu da... Ebolaren inguruan zer iritzi duzue? Gehiegizko alarma piztu da?
E.A.: Euskadin protokoloa behar bezala ezarrita dago. Baina batzuetan komunikabideek gehiegizko alarma pizten dute.
M.A.: Ez daukagu beste edozeinek baino informazio gehiago. Nik uste dut kontu serioa dela, eta arreta jarri behar dela. Baina hartu dira hartu beharreko neurriak.
Gaur egun, biok ari zarete farmazian lanean. Nola dijoa belaunaldi aldaketa?
M.A.: Ia hamar urte daramazkit lanean. Dietetika eta nutrizioa ere ikasi ditut, formazioa osatzeko, eta pazienteei laguntza zabalagoa eman ahal izateko: gaixotasun jakin bati hobeto aurre egiteko zein dieta jarraitu, adibidez. Karrera bukatu berritan hasi nintzen lanean, ikasteko. Ikusteko nola egiten den lan farmazian. Aitak urteak zeramazkien; garrantzitsuena beti pazientea da, berarekiko harreman ona edukitzen jakitea, konfiantza hori transmitizen jakitea. Eta pixkanaka, aukera ikusi genuen traspasoa egiteko eta farmazia nere izenean jartzeko. Noski, aitak laguntzen jarraitzen du. Beti daukat zer ikasia, eta horretarako, bera dago erakusteko. Era berean, aita ezagutzen duten pazienteek berarekin lanean ezagutzen naute. Ni ez naiz Maria, ni beti izango naiz Eduardoren alaba!