Iraileko lehenengo ostegunean hasi zen basurde garaia, besteak beste, eta hegazti migratzaileen ehiza denboraldia irailaren 21ean. Ordutik prest daude Goizuetako ehiza postuak, baina asteburu honetatik aurrera ibiliko dira batez ere ehiztariak, uso pasearen zain. Horretarako, hego haizearen laguntzaren esperoan daude. Oilagorretan ere ibiliko dira beste batzuk, nahiz eta horretarako hotz gehiago egin behar.
138 ehiztari
Goizuetako Basauntz ehiza eta arrantza elkartean, 138 ehiztari daude. Garai batean, gehiago ere bazirela azaldu du Mertxe Huizi idazkari eta ehiztariak. «Asko bajatu da. 160 ehiztari ere izanak gara. Egia esan, gauza garestia da ehiza». Denera, 60 postu daude Goizuetan eta postuak txandatu egiten dituzte egunero, bazkideen artean. Lau urtez behin, zozketa egiten dute eta bakoitzari tokatutako postutik abiatuta, txandatuz joaten dira.
Postu horiek, bazkideek beraiek egin behar izaten dituzte urtero. Aurten, irailaren 21erako egin behar izan dituzte. «Niri tokatutako postua nahiko egoera onean zegoen eta iratze pixka bat paratu besterik ez dut egin behar izan», azaldu du Huizik.
Aurten bai, ehizean
Huizik 15 urte daramatza ehiztari elkartean eta orain arte ez duela ehizik egin esan dio Kronikari, baina aurten bai, animatu da. Goizueta, zer moduzko ehiza lekua den galdetuta, halaxe dio: «Nik orain arte ez dudanez ehizatu ez dakit seguru esaten, baina hizketan askotan entzuten ditut. Asko aldatu dela diote. Oso altu pasatzen direla azken aldian, eta itsaso aldetik. Barkuak alkilatzen hasi beharko dugu!». Basurdea, berriz, asko dela azaldu du: «Goizuetak terreno asko du eta zakar asko dago. Basurdea izugarri dabil, eta pizti guztiak».