Astigarragan ere, hasi da ehiza denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 11

Ehiza denboraldia  irailaren 21ean hasi zen Gipuzkoan eta urriaren 3az geroztik, egunero ari dira egiten Astigarragako postuen zozketak Gure Izarra elkartean, 20:00etan. Bihartik aurrera, berriz, beda osoa irekiko da.

Andoni Vallejo eta Angel Zuaz­nabar “Potono” Gure Izarra el­kar­teko ehiztariak dira. Vallejo, egungo presidentea da eta Zuaz­na­bar 28 urtetan izandakoa. Ehi­za denboraldia hasi den honetan, Kronika beraiekin bildu da. Jakinarazi dutenez, urriaren 3an hasi ziren Astigarragan postuak zozketatzen eta zozketa egunero egiten da Gure Izarra elkartean, 20:00etan.
Irailaren 21ean ireki zen hainbat espezie ehizatzeko aukera: usoa, usapala eta galeperra. Eta elkarteek zozketatutako postuetan, birigarroa ere bai. Diputazioak ezartzen ditu data horiek eta gero elkarte bakoitzak bere datak jartzen ditu, postuak zozketatzeko.

Bihartik, ehiza osoa
Lehen beda erdia izaten zen, abuztuan hasita, eta gero itxi egiten zuten irailean. Ondoren, Pilarika egunean irekitzen zen beda osoa. Orain ez dute halakorik egiten. Orain irekitzen da iraila bukaeran eta urtarrilaren 31ra arte ez da ixten. Hori bai, Pilarika egunera arte, zenbait espezie bakarrik ehizatu daitezke eta birigarroak, adibidez, zozketatutako postu horietan. Bihar­tik aurrera, postutik kanpo, txakurrekin ehizatzeko aukera izango da, betiere, araututako distantziak errespetatuz. Oilago­rra­rekin ere hasiko dira, esaterako. «Abuz­tuan beda erdia ireki­tzeak ez zuen zentzurik. Abuz­tuan ez da ehizik izaten eta gero irailan, ezin zenituen txakurrak atera. Porrontxotan, estropada inguruan hasten da mugitzen. Elkarteetako kideok federazioarekin hitz egin genuen eta orain horrela egiten da», diote.

51 postu, Astigarragan
Astigarragan, 51 ehiza postu daude. Denak, Santiomendin. Gipuzkoan eta Euskal Autono­mia Erkidego guztian bezala, lizentzia daukan edozein ehiztarik hartu dezake parte zozketan. «Hona, estatu mailatik edozein etorri daiteke eta guk, berriz, ezin dugu kanpoan ehizatu. Aukera bakarra, koto bat hartzea da eta dirutza balio dute», diote.
Prezio desberdinak izaten dituzte ehiztariek. Gure Izarrako bazkide direnek eta Gipuzkoako federatuak direnek, eguneko, 1,25 euro ordaintzen dute zozketan parte hartzeagatik eta postua tokatzen bazaie, 0,50 euro ordaindu behar izaten dute. Federatuak bakarrik direnek, 2,50 euro ordaintzen dute (+1 euro postua); federatu gabeak direnek 5 euro (+2 euro postua); EAEkoak direnek 6,25  euro (+2,50 euro postua); eta estatuko gainerako herrialdeetakoek 7,50 euro (+3 euro postua). Prezio ho­riek Dipu­tazioak ezartzen ditu, Astigarragako mendiaren ezaugarriak kontuan hartuz, eta Astigarragako prezioak merkeenetakoak direla azaldu dute Vallejok eta Zuaznabarrek: «Ge­ro eta mendi altuagoak eta haundiagoak, garestiagoak dira».

Urriko azken astean eta azaroko lehenengoan izaten da mugimendu gehiena.

Hilabete eta erdiko lana
Postuak errebisatu egin behar izaten dira denboraldia hasi aurretik eta zuzendaritzako kideak aritzen dira zeregin horretan, bazkideen laguntzarekin. Aurten gainera, 25 postu erreformatu dituztela azpimarratu du Vallejok. «Hilabete eta erdiz aritu gara lanean, eta 6 bat lagun bakarrik. Jendeak ez du askorik lagundu zentzu horretan, eta hori faltan bota dugu».

Egun seinalatuetan,
90-100 lagun

Astigarragara, inguruko herrietatik jendea ehizera etortzen dela azaldu dute Gure Izarrako bi kideek eta bereziki asteburuetan izaten dela mugimendua. «Astean zehar, 15-30 laguneko media izaten da eguneko. Asteburutan, berriz, 50-60 bat lagun ibiltzen dira. Eta egun seinalatuetan, 90-100 lagun. Iaz, jende gehien ibili zen egunean, 89 ehiztari elkartu ziren. Donostiatik jende asko etortzen da, izan ere, Ulian ehiza debekatu zutenetik, ez dute lekurik. Orokorrean, erdiak izaten dira Astigarragakoak».
Egun seinalatuak, urriko azken astean eta azaroko lehenengo astean izaten dira. Usoa orduan pasatzen omen da, normalean. «Gero eguraldiak lagundu behar du. Hego haizea behar da behetik pasatzeko», azpimarratu dute.

Birigarroa, batez ere
Astigarraga ehizerako zer mo­duzko lekua den galdetuta, honakoa erantzuna: «Ez da ez oso ona, ez txarra; tartekoa. Badaude leku hobeak: Adarra ingurua, Ernio, Zelatun, Jaizki­bel… Baina Astigarraga­ko postuek badute beraien alde ona. Oso eskura daude, mendi txikia da eta erraz iristen zara postuetara; kotxean zoaz bertaraino».
Batez ere birigarroa (lau motak) eta usoa (pagausoa) ehizatzen direla Astigarragan azaldu dute. Oilagorra preziatua dela diote, baina ehizatzeko zaila. «Ehiztariak sasoian egon behar du eta txakurra ondo prestatua. Oilagorretara­ko, txakurra %75a da», dio Zuazna­barrek. «Oilagor gutxi izaten da hemen. Nik 32 urtetan, 7 oilagor bakarrik bota ditut. Egia esan, ez naiz askorik saiatu…», gaineratu du Vallejok.

Dibertigarriagoa, birigarroa
Vallejok birigarroa ehizatzea du gustoko: «Txikiagoa da usoa baino, eta mugimendu bereziagoak egiten ditu. Dibertiga­rria­goa da. Gainera, birigarroa azal­tzen hasten bada, egunero izango duzu zerbait. Eta bestela ere, nik ez badut ezer botatzen, gustora bueltatzen naiz. Beraien mugimenduak eta joerak ikustea asko gustatzen zait. Ni mendiaz goza­tzera joaten naiz, ez hiltzera. Eta inkoherentzia dirudi, ehiztariak azkenean, hiltzera joaten baikara, baina beti errespetuz».
Zuaznabar, berriz, eper zale amorratua da. «Baina hemen ez dago eperrik. Kanpora joaten gara horretarako eta hemen, usoa gustora ehiza­tzen dut», dio.

Ehiztari kopurua jaisten
Gure Izarra elkartea 1922an sortu zen eta elkarte gastronomikoa da. Bere barruan, beste atal batzuk izan ditu: ehiza, toka, futbola… Gaur egun ehiza mantentzen da. Bertan, 55 bazkide daude. Asko jaitsi dela diote. «Orokorrean jaitsi da ehiztari kopurua. Gipuzkoan lehen, 18.000-19.000 ehiztari geunden eta orain 17.000 izango gara. Egia esan, gero eta zailtasun gehiago jartzen dizkigute ehiztariei, arau zorrotzak, eta oso bizio garestia da», diote. Vallejo eta Zuaznabar ehiztari amorratuak dira. Vallejok 14 urterekin izan zuen bere lehenengo eskopeta eta Zuazna­barrek 11 urterekin. Elkartean, emakume ehiztari bat badela azaldu dute. Vallejoren erraina. «Zaletu gehiago badira, baina erreparoa ematen diela esango nuke», dio Zuaznabarrek.

Mendia, txukun
Zaletasuna jaistearen arrazoia, ehiztariak gaizki ikusia egotea ere badela uste dute. Eta horrekin lotuta, leporatu izan zaien kontu bat ere aipatu dute. «Askok diote mendia zikintzen dugula. Egia da orain dela 36 urte jendeak ez ziola horri erreparatzen, baina gaur egun kontzientziatuta gaude mendia garbi utzi behar dugula. Gainera, denboraldia bukatzean, ingurua errebisatzen du elkarteko zuzendaritzak eta gero, Diputaziokoak pasatzen dira oniritzia ematera. Zikina egonez gero, krixton multak jartzen dituzte. Nik uste, mendira joaten diren askok zikin­tzen dutela ingurua eta denok kontzientziatu behar gara. Eramaten dena bildu egin behar da», azaldu du Zuazna­barrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!