Aurrera jarraitzen du Julen Zuaznabar eta beste 27 gazteren aurkako epaiketak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aste honetan, lau egunez, polizien deklarazioak entzun ostean, hilaren 30ean jarraituko du epaiketak. Egun horretan polizien deklarazioekin bukatuko dela aurreikusten da. Hori horrela, torturaren aurka, mobilizatzeko deia egin dute 28 gazteek, egun berean. Espainiako poliziek atxilotutako 20tik 19 gaztek tratu txarrak eta torturak salatu zituzten, euren deklarazioetan. Eta halaxe azaldu dute: «Gero eta argiago dugu gure akusazioak, tratu txarren eraginez lortutako autoinkulpazioetan oinarritzen direla, eta gero eta argiago dago deklarazio horiek nola lortu zituzten». Espetxean dauden 5 auzipetuen egoera txarraren berri ere eman dute.