Tranbia ibilbidea berurbanizatuko du Udalak eta lanei epe motzean ekingo zaie. Lanen inguruko informazioa azaltzeko, bilera bat antolatu dute bizilagunentzat. Astelehenean izango da 19:00etan, Udalak Arrobitxulon duen lokalean.
Tranbia ibilbidearen kota, igo
Lan horiei ekiteko, aurrelanak martxan daude dagoeneko Tranbia ibilbidean. Eta astelehenetik aurrera, Tranbia ibilbideko arketak altxatzen hasiko dira. Horretarako, Astigarragatik Ergobiako norabidean begiratuta, errepidearen eskuin aldean dauden aparkalekuak kenduko dira, eta errepidea estutu egin beharko da. Tranbia ibilbidea ez da trafikora itxiko, baina eragozpen horiek saihestu nahi dituzten gidariek Arrobitxuloko errepidea hartu ahal izango dute.
Berurbanizazioaren ondorioz, Tranbia ibilbideko errepidearen altuera kota igoko da, Arrobitxulo eta Urumea Berri auzoetako altuerara egokituz. Obrak zenbait hilabetetan luzatuko dira, eta zenbait eragozpen sortuko dizkie astigartarrei, bereziki trafikoan, garajeen sarrera irteeretan eta aparkaleku kopuruan.
Horregatik, Udalak dei egiten die Arrobitxuloko, Tranbia ibilbideko eta Urumea Berriko bizilagunei bilerara azaltzeko.