Bekerri-Larriturri-Herria. Ibilbide honek Aranoko emakumeen bizitza nolakoa zen gertuagotik ezagutzen lagunduko digu, Larriturriko labaderoa garrantzi haundiko lekua izan baitzen. Arano inguruko parajeak, pinudi eta pagadiak ere ezagutzeko aproposa da.
Aranoko herrigunetik hasita
Herriko aparkalekuan kotxea utzi eta bista ederrak hartuko ditugu ibilbideari ekin aurretik. Ondoren, herri osoa zeharkatuko dugu herriaren sarrerara etorriz. Han Bekerrira (beheko auzoa) doan bide-xenda hartuko dugu eta Goikutzen (200 metrora gutxi gorabehera) ezkerrera eginen dugu, berehala Bekerrira iritsiz.
Bekerri-Larriturri
Ezkerretara jo eta auzo osoa zeharkatuko dugu eta Larriturriko labaderora doan pistari segiko diogu bertara iritsi arte. Larriturri garai batean garrantzia haundiko lekua izan zen, bertan elkartzen baitziren herriko emakumeak arropak garbitzera joanda. Han ur trago bat egin eta aurrera segiko dugu ordura arte ekarri gaituen pista beretik.
Txaraiko pagadia
Borda-Berriko pinudia pasa eta Antonoko txokora iritsiko gara. Handik Txaraiko pagadira doan bidea hartuko dugu (ezker-ezkerreko gurdibidea) haritz eta pagoen babesean Txaraira iritsi arte. Pagadiaren sarreran bidegurutze berri bat aurkituko dugu eta ezkerreko gurdi-bideari segiko diogu pagadi osoa zeharkatu arte. 600-800m egin eta Txaran-Bordara iritsiko gara eta han ezkerrera eginen dugu, herrira doan pistari segika, Oraunera arte. Handik San Roke ermitara, eta berehala, ibilbidea hasitako lekura iritsiko gara.
EZAUGARRIAK
• Desnibela: 150m
• Iraupena: 90 min
• Zailtasun maila: Oso erraza (kolore horiz markatua)