Urriaren 26rako prestatutako irteera aurkeztu du Mendiriz Mendik: Brinkolatik abiatu eta Tubobiden zehar, Aizkorri inguruko parajeak ezagutzeko aukera izango da.
Itsaso tropikalean barrena
Gure ibilbidea itsaso hondotik izango dela esan daiteke. Gaur egungo Aizkorri mendizerra, duela 200-65 milioi urte, sakonera gutxiko itsaso tropikal baten hondoa zen. Itsaso horretan kaltzio karbonatoan aberatsak diren hildako itsas animalien eskeletoak eta koralak pilatzen joan ziren. Diagenesia izeneko prozesu geologikoaren ondorioz, sedimentu horiek eraldatu eta trinkotu egin ziren. Tolestura alpinoaren eraginez, azaleratu eta gaur egungo mendizerra sortu zen.
Kantauri itsasoaren hurbiltasunari esker, aire hezea etengabe iristen da Aizkorrira. Mendizerrarekin topo egiten duenean, gorantz egiten du, hezetasuna kondentsatu egiten da, eta euri bezala erortzen da. Sarritan euri ugari botatzen duenez, lainoak, hezetasuna eta giro freskoa inguru honetako ezaugarri klimatiko nagusiak dira. Ur guzti horrek milaka urteko higadura lanean paisaia karstikoa sorrarazi du. Euri-urak disolbatuta daraman karbono dioxidoak kareharria disolbatu eta pixkanaka mendia kobazuloz, dolinez, errekez eta arroilez bete du gaur duen itxura eman arte.
Tubobiden zehar, ura herrira
Tubobide Aizkorri mendizerraren mendi-hegaletatik doan bidezidor estu bat da. Ia altuera galdu gabe hodi baten gainetik ibiliko gara. Hodi horren zati gehiena lurperatua dago, baina hainbat lekutan azaleratu eta ederki ikusten da. Tubobide Legazpiko udalak eraiki zuen 1930 hamarkadan, iturriko ura Legazpiko herrira eramateko. Aizkorritik jaisten diren erreka pilo horietatik ura jasotzen zen kanalizazio baten bidez, eta, gero, Tubobide azpitik doan hoditik herriraino garraiatzen zuten. Barrendiolako urtegia eraiki zenean, ur hori erabiltzeari utzi zioten. Legazpiko udalak ibilbideko zubi guztiak konpondu zituen 2010. urtean, eta ibilbide polita prestatu du.
Oazurtza lepora iristean, Mandabide bidearen hasierara iritsiko gara. Oso bide zaharra da, eta antzinatik erabili izan da Goierriko herriak eta Arabako lautadakoak elkartzeko. Gerra Zibilaren ondoren, gauez, Guardia Zibilak ez harrapatzeko, Mandabidea erabiltzen zen Arabako lautadako herrietatik garia ekartzeko.
Elurraren etorrera adierazten duten txorien bidea
Paregabeko talaia da Aizkorri, hegazti-pasea ikusteko. Bertako artzainek hegazti horiek ikustean elurraren etorrera iragartzen dute. Udazkenean toki horretatik zeruertzera begiratuz gero, usoen, antzarren eta kurriloen pasea ikusteko aukera izaten da. Urria eta azaroa bitartean Eskandinavia eta Errusiatik hegoaldeko neguko ugalketa eremuetaraino egiten duten bidean, gure gailurrak zeharkatzen dituzte. Hegazti horietako batzuk Iberiar penintsulako hegoalderaino joan beharrean Euskal Herriko lurretan geratzen dira, Nafarroa hegoaldean edo Gasteizko urtegien inguruetan. Hegazti migratzaileen ugaritasuna neguaren gordintasunaren araberakoa izan ohi da. Azken urte hauetan aldiz, ingurumen-degradazioa eta klima-aldaketa dela eta, migratu ordez, urte osoa eremu berdinean igarotzen dute. Zikoinarena da kasu ezagunena.
Ibilbideak, beraz, Aizkorri mendizerraren ipar isuriak duen izaera basatiaz gozatzeko aukera eskaintzen du, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren eremu barruan. Bakardadeak, pagadi ederrek, burdinolak eta Urola ibaiaren sorrera diren errekek osatutako Gipuzkoako harribitxia da.
Ibilbidearen deskribapena
Brinkolatik Barrendiolako urtegira igoko gara auzo-errepide bati jarraituz. Urtegiko hesia zeharkatu eta ezkerretik jarraituko dugu Udana lepotik igotzen den GR-34 ibilbidearen bidegurutzera eramango gaituzten markak aurkitu arte. Olarriaga izeneko toki batetik pasatu ondoren (txabola zahar batzuk daude), handik 10 minutu ingurura, poste bidez adierazitako tubobidera iritsiko gara. Hemendik aurrera, eta tarte luze batean, altuera gehiegi galdu gabe ibiliko gara.
Goierrikoak ez direnentzat ezezaguna den pagadi baten barrutik doa bidea. Basoa oso ederra da, eta merezi du ezagutzeak. Udazkena hasieran egonik, pagoak kolorea aldatzen harrapatuko ditugu, eta, eguraldiak laguntzen badu, kolore nahaste-borraste zoragarri horretaz gozatuko dugu.
Aurrerago Oazurtzako lepora iritsiko gara. Bidegurutze garrantzitsu bat da. Beasain, Zegama, Andreaitz, Santiespirutu eta beste hainbat tokira joateko abiapuntua da. Lepotik Urola ibaia elikatzen duten erreka ugari zeharkatuz Brinkola aldera jaitsiko gara. Herritik urruti dagoen Brinkolazar baserri ederrera iristerakoan porlanezko pista zabal batetik jarraituko dugu Guruditegi auzora iritsi arte. Auzo txiki eta ezezagun honetan oso baserri ederrak eta burdinola aurkituko ditugu. Bideari jarraituz berehala gara Brinkola herrian.