«Jendeak aktiboki parte hartu dezan nahi dugu», azaldu dute Miren Lukas eta Ander Txintxurreta, Hernaniko Gure Esku Dago ekimeneko talde eragileko bi kidek.
«Lehengo ikasturtean sortutako itxaropena, ilusioa, Euskal Herrian zerbait berria sortzeko gogoa, piztuta mantendu eta indartzea da gure helburua». Horretarako egutegia zehazten hasiak dira.
«Parte hartzeko gogoa duten guztientzako Batzarra»
Urriaren 16an Batzar irekia egingo da, 19:00etan, Gure Esku Dago ekimenaren lokal berrian; Andre Kaleko 41garrenean (Plaza Berritik behera).
«Batetik, lokala aurkeztu nahi dugu, eta bestetik, jendeari jakinarazi zein diren urte honetarako helburuak eta egutegia». Baina bereziki, jendea bertara gerturatu eta parte hartzera animatu nahi dute. «Ilusioz dagoen jendearentzako aukera ederra da hurbiltzeko. Adin, pentsamolde guztietako jendea etor daiteke, edozein dela ere egin dezakeen lana. Talde eragilean 12 pertsona inguru gabiltza, eta beste askoren laguntza jasotzen dugu. Baina ateak gehiago zabaldu nahi ditugu; hernaniar guztien elkargune izatea nahi dugu».
«Katalunian aukera ematen ez badute, agerian geldituko da Espainian zerbaitek ez duela funtionatzen».
«Denok daukagu zerbait emateko»
Hasitako bidea jarraitu eta sendotzeko momentua dela uste dute. «Eskozian hitza eman diote jendeari, eta horrek, ate bat ireki du. Katalunian aukera ematen ez badute, agerian geldituko da Espainian zerbaitek ez duela funtzionatzen, eta mugitzen jarraitu behar dugula. Baina Katalunian lortu dutena da, errotzea erabakitzeko eskubidea badutela. Hori izugarrizko pausua da».
Horregatik diote jarraitzeko momentua dela: «Ez da berez etorriko. Ez digute emango. Guk gauzatu behar dugu. Gure aletxoa denok jarri behar dugu, bakoitzak ahal duen neurrian. Denok sentitu behar dugu honen parte garela, badaukagula zerbait emateko. Norberaren iritzia ere aintzat hartzeko modukoa dela. Lehengo urtean sentitutako ilusioa, askatasuna, alaitasuna, poza, kolore aniztasuna, hernaniar guztiek sentizea da helburua».
Mosaiko erraldoia, eta beste hainbat zita
Ekitaldi gehiago ere antolatzen ari dira. Azaroaren 8an, eguerdian (itsas-beheraren arabera), mosaiko erraldoi dinamikoa egingo da Zurriolako hondartzan. Txartelak eskatu daitezke dagoeneko Lurreko edo Oan. Eta egunean bertan, Zurriolan, 5 euroren truke, aterkia eta xira emango dituzte.
Ekaina bukaeran ere egingo da, lehengo urtean bezala, festa erraldoi bat. Baita Udaberri Festa ere. Bestela, astelehenero biltzen dira, 19:00etan, eta ateak zabalik daude.