Buruntzaldeako ekonomia, enplegua eta turismoa indartzeko asmoz, kalitatezko garapen agentzia baten proiektua osatu du Buruntzaldeako EAJk.
Atzo aurkeztu zuten proiektua, Lasarte-Orian, prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Andoni Amonarraiz Hernaniko EAJren bozeramailea, eta Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Astigarraga eta Andoaingo ordezkariak.
Hilabetetan aritu dira proiektua prestatzen, eta hiru esparru nagusitan egingo du lan agentziak: «helburua da ekonomia suspertzea, eta enplegua eta turismoa sustatzea». Izan ere, uste dute Buruntzaldeak behar duela horrelako estruktura bat: «udalerri guztiei ekarriko dizkie onurak, indar gehiago eman eta eraginkorrago bilakatuko dituzte».
«Agentzia publikoa eta gardena izan behar da, eta Udal guztien presentzia bermatu behar da»
«Egitura publikoa eta gardena izan behar da»
Agentziaren ildo nagusia publikotasuna izango da: «egitura hau publikoa eta gardena izan behar da, eta bertan Buruntzaldeako Udal guztien presentzia bermatu behar da».
Gobernu Batzordea, presidentea eta gerentea
Agentziaren estruktura, Gobernu Batzorde batek, presidenteak eta gerenteak osatuko lukete. Soilik gerentea kontratatu beharko litzateke; Batzordean udal ordezkariak egongo lirateke, «indar politiko guztien presentzia bermatzeko».
Hori bai, presarik gabe nahi dute aurrera eraman, eta bailarako herrietako kontu-hartzaileen eta idazkarien aldeko txostenekin.