«Adrenalina askatzen da BTT jaitsieretan, eta oso espektakularra da ikusteko»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 9a

Bizikleta hartuta, mendi puntatik beheraino jaitsita lehiatzen dira Aritz eta Xabi Urdanpilleta. Euskadiko Openean, bigarren daude biak, eta larunbatean dute azkenaurreko proba, Hondarribian.

«Trabaz jositako zirkuituetan lehiatzen gara: bide estuak, bihurgune itxiak, harriak, saltoak... Oso normala da ka­rrera bakoitzean behin eror­tzea. Baina asko gozatzen dugu honekin». Aritz eta Xabi Urdan­pilleta anaiak, BTT jaitsi­eretan lehiatzen dira. Alegia, lasterketa mendi puntan hasi, eta hiru-lau minututan jaisten dute, ahal duten azkarren.
Euskadiko Openean ari dira lehiatzen orain, eta bigarren daude biak, bakoitza bere kategorian: 23 urtez azpikoan Aritz (20 urte dauzka), eta juniorretan Xabi (18 urterekin). «Aurten oso ondo gabiltza», diote Ereño­tzuko ziklistek, «eta ea helburuak lortzen ditugun».

Bi proba falta dira, eta irabaztea du helburu Aritzek: «aukera badaukat, baina aurrena dijoana oso indartsu dabil». Xabik, berriz, nahikoa dauka dagoen tokian geratuta: «mundu mailan lehiatzen da lehenengo dijoana, eta ez dago berarekin lehiatzerik». Hon­da­rribian dute hurrengo saioa, larunbat honetan: «on­do ezagutzen dugu zirkuitua, eta irabaztera aterako ga­ra». Azkeneko karrera, urriaren 26an izango dute, Galdakaon.

«Teknika asko behar da»
Ez da nolanahiko modalitatea, BTT jaitsierena: «teknika asko behar da, bizikleta kontro­la­tzeko. Baina baita fisikoa ere, potentzia haundia han­ke­tan, 3 minutuko lanean dena eman behar delako. Eta burua lasai eduki behar da, oso kontzentratuta». Denbora gutxiko kontua da, baina zailtasunez betea: «oinezkoen bideetatik goaz bizikletan, oso estuak; asko­tan, oinezkoek ere lanak izan­go lituzkete hortik ibiltzeko». Salto­ak, bihurguneak... Oso ohi­ko­ak dira erorikoak eta aberiak: «karrera edo entre­na­mendu bakoitzaren ondoren, bizikleta errebisatu eta txu­kun jarri behar dugu; eta aberiarik bada, konpontzen saiatu».

«Orain urte gutxi probatu, eta engantxatu egin ginen»
Andorran oporretan zeudela probatu zuten Urdanpilleta anaiek jaitsieren kontua, eta berehala engantxatu ziren: «oso espektakularra da ikusteko, eta adrenalina askatzen da jaitsieretan». Ez zuten askorik itxaron, bide horretatik jotzeko: «oporre­tatik bueltan, bizikleta erosi eta praktikatzen hasi ginen; eta hortik bi urtera, karreretan lehiatzen».

«Jaitsieran ezin da ezer inprobisatu, ikasi egin behar dira zirkuituak»
Karrera bakoitzean, bi jaitsi­era egiten dituzte: «Euskadi mailan, bi manga dira, eta bietako denbora onenak kon­ta­tzen du; nazioartean, klasi­fi­katoria eta finala dira». Hiru-lau minutuko bi saio dira horiek, baina askoz ere gehiago da karrera bat: «au­rreko asteburuan joaten gara, zirkuitua ezagutzera. Buruz ikasi behar duzu, konfiantzaz joateko. Jaitsieretan ezin da ezer inprobisatu».

Euskal selekzioaren deia
Sasoi ederra daramate bi anaiek, eta merezitako saria jaso dute: «Euskadiko selek­zioa­rekin egoteko aukera izan dugu, Estatuko txapel­ke­tan». Zorte askorik ez, ordea: entrenamenduetan hautsi zuen bizikleta Xabik, eta finalean erori zen Aritz. Bartzelonan, Vigon edo Huescan lehiatu dira, uda honetan. Hurrengo zita etzi, Hondarribian. Guadalupeko inguruetan, 15:00etan: «kurio­si­da­dea daukana, etor dadila ikustera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!