35garren edizioa izango du Mendiriz Mendiren argazki lehiaketak. Beste urte batez, saritu egingo dute argazki ederrak ateratzeko abilezia, Mendizale Astearen barruan.
Argazki lehiaketa herrikoia izango da, eta parte hartu dezakete Elkarteko bazkideek eta Hernanin bizi den edozein argazkilari ez profesionalek. Bakoitzak 3 eta 6 argazki artean aurkeztu beharko ditu, eta horietako bat, gutxienez, Hernaniko argazkia izango da. Gaia, hori bai, librea da.
Lau sari banatuko ditu epaimahaiak. Irabazleek, 70 euro eta garaikurra jasoko dituzte.
Entregatzeko epea, urriak 17
Argazki lehiaketan parte hartzeko, urriak 17a da azken eguna. Argazkiak Mendiriz Mendiko lokalean (Iturregi plaza) entregatu behar dira: astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara.
Kalitate haundiko argazkiak izan behar dira, TIFF edo JPEG formatukoak, eta 5 MBeko tamaina dutenak, gehienez. Ez dira onartuko, beste lehiaketa batean saritutako argazkiak.
Lau sari jokoan
Jasotako argazkien artean, lau sari banatuko ditu epaimahaiak: Hernani eta ingurukoa; mendia eta paisaia; herrikoiena; eta bilduma hoberena. Sarituek 70 euro eta garaikurra jasoko dituzte.
2015eko egutegia prestatzeko bilera, asteazkenean
Bestalde, elkarteak bilera deitu du datorren asteazkenean, urriak 15, arratsaldeko 20:00etan. Bertan, 2015 urteko jardueren egutegia finkatuko dute. Horregatik, gonbitea luzatu diete, ideia edo proposamenen bat duten guztiei. Elkarteko bulegoan izango da.