24 urteko ibilbidean, milaka argazki egin ditu Ander Gillenea argazkilari donostiarrak, eta horietako asko ikusi ahal izango dira bihar, udaletxeko Areto Nagusian. Euskal gatazka erretratatuko du erakusketak, eta Hernanik toki berezia izango du bertan: «Hernanik protagonismo haundia dauka erakusketan, argazki asko daude bertakoak, euskal gatazkan oso presente egon delako; gauza asko gertatu dira herrian».
Gatazkaren ikuspuntu bat erakusten dute Gillenearen argazkiek: «nire begiekin eta kamararekin ikusi dudan gatazka da. Objetiboa izatea ezinezkoa da, baina zintzotasunez jokatu dut, eta ikusitakoa erakutsi». Manifestazioak, atentatuak, hiletak... Makina bat gertaera bildu ditu argazkitan: «17 urte inguruko gazteentzat, oso deigarria eta inpaktantea izaten da. Galdetzen didate: hori hemen gertatu zen?».
Biharko erakusketa, Hernanira egokituta
Udaletxean jarriko duen erakusketak, gertutasuaren bidetik joko du: «egin ditudan beste erakusketen oinarri bera izango du, baina Hernanira egokituta. Hernaniko argazki potenteak baitauzkat nire bilduman». Horien artean, bereziki bat esanguratsua: «Indio ETAkideari omenaldia egin ziotenekoa, udaletxean. Oso berezia izango da, argazkia ikusten egotea omenaldia egin zen leku berean».
«Jendeak gertuagokoak sentitzen ditu argazki horiek, gertutik bizitako gertaerak direlako», dio Gilleneak. Hernaniko beste argazki asko ere ikusteko aukera izango da, erakusketan.
«17 urte inguruko gazteentzat, oso argazki deigarriak eta inpaktanteak dira. Galdetzen didate: hori hemen gertatu zen?»
Argazki sorta oso zabala
Hernanikoez gain, ordea, beste ehundaka argazki ikusi ahalko dira bihar. Txuri-beltzean egongo dira 100 argazki baino gehiago, eta beste hainbat koloretan, kontu haundiz aukeratutakoak.
Baina argazki sorta askoz ere zabalagoa izango da: proiektore batek, bilduma bat erakutsiko du etengabe, eta ordenagailu bat ere izango da: «norbaitek gertaera bateko argazkiak ikusi nahi baditu, eta ordenagailuan baldin badauzkat, nahi adina argazki erakutsiko dizkiot».
Eta prentsa argitalpenak ere egongo dira ikusgai. Izan ere, egunkari garrantzitsuenen orrialdeak bete dituzte Gillenearen argazkiek, urte guzti hauetan: The New York Times, International Herald Tribune, Libération, The Guardian, Berliner Zeitung...
Argazkilariaren zuzeneko kontaketa
Erakusketan bertan izango da Gillenea bera, udaletxeko Areto Nagusian. Pasadizo eta bizipenak kontatuko dizkie bertaratzen direnei, eta edozein eskaerari erantzungo dio: «egotearen arrazoia horixe da, zalantzak argitzea eta sakondu nahi duenari argazkiaren atzean dagoena kontatzea, argazki gehiago erakustea...».