«Teknika berriak erakutsiko ditut: anatomia, argi-itzalak, saturazioa...»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 8a

35 urte eta gero, Luis Telleria jubilatu egin da eta Maite de Cruz astigartarra izango da Astigarteko irakasle berria. Aurreko astean hasi ziren klaseekin. Aurten, inoiz baino ikasle gehiagok eman du izena eta hasiera «potentea» izan dela azaldu dio Kronikari. Gustora dago.

Luis Telleria jubilatu egin da eta zu izango zara ikasturte honetatik aurrera irakasle berria. Nola hartu duzu ardura berri hau?
Krixton ilusioarekin. Klase batean esan omen zuen Luisek jubilatzekoa zela eta irakasle berri baten bila zebilela. Arte Ederrak ikasia naiz eta ezagun batek esan zidan aurkezteko,  joateko klase bate­ra. Ostegun batean esan zidan eta larunbat horretan bertan kla­sera joan nintzen. Handik aurrera, larunbatero larunbate­ro aritu naiz Luisekin, klasea nola ematen zuen ikus­ten eta ikasten. Iazko ikasturte osoa pasa nuen berekin. Orain­txe da urtebete hasi nin­tzela. Badakit deialdia zabaldu zuela, jende gehiago ere aurkeztu bai­tzen, baina nik konbentzitu nuen nonbait! Egia esan, bere proiektua izan da hau eta gogorra egin zaio uztea. Pena haundiarekin utzi du. Bisitan ere etorri zen aurreko larun­batean.

Irakasle lanetan ibili izan zara aurrez?
Orain urte batzuk, Lasarten eman nuen pintura eta ma­rraz­keta ikastaroa, 5-6 urtekoei zuzendua. Gero, 5 urtetan aritu naiz AEK euskaltegian irakasle lanetan. Eta orain berriz, ikasi dudan horretan aritzeak seku­lako poza ematen dit. Pertso­nalki, nere proiektua bezala da.

Irakasle bakoitzak erakusteko bere modua du. Aldaketa izango dela pentsatzen dut Astigarten.
Noski, irakasle bakoitzak bere modua du. Luis, adibidez, auto­didakta da. Berak bere kabuz ikasi ditu gauzak, berezkoa du, eta nik lizentziatura bat dau­kat. Nik karreran zehar ikasita­ko teknika pila bat dakizkit eta horiek erakusten saiatuko naiz. Argi dago, bakoitzak dakiena erakusten duela.

Teknika desberdinak lantzen saiatuko zara orduan.
Erretratuak egiteko anatomia landuko dugu adibidez. Eta nere asmoa da marrazketa eta pin­tura konbinatzea; biak batera lantzea. Horrez gain, pertsone­kin banaka egin beharrean lan, talde moduan funtzionatu nahi dut. Luisekin aritu nintzen ikas­turtean, hu­tsu­neetan fijatu nintzen eta horiek betetzen saiatuko naiz: anato­mia, argi-itzalak, kolore­en satu­razioa… Ikusten nuen ikasleek de­pen­dentzia haundia zutela Luisekin eta bera ez zen denera iristen. Nik lortu nahi dut ikasleak, beraiek gai izatea dena egiteko.

Aurten inoiz baino jende gehiagok eman omen du izena. Poztekoa izango da.
Bertigoa  banuen, jendeak alda­ke­ta nola hartuko ote zuen... Hainbeste urte eta gero, batzuk agian ez zuten ondo ikusiko… Egia esan, orain arte artista bat izan dute irakasle, Luis hala delako, eta ni ez naiz artista. Beldur pixka bat banuen, baina hasiera izugarria izan da. 38 daude izena emanda larunba­teko saioetan eta 9 ume ostegune­an. Lehengo larunbate­an ia ez ginen sartzen. Oso pozik nago erantzunarekin. Martxa hone­tan, poligono bat eskatu beharko diogu Udalari!

Ikasturte honetan eskaintza berria ere jarri duzue 10 urtetik beherakoentzat.
Bere garaian, Luisek txikiekin zerbait egin izan zuela uste dut, baina azken urteetan ez zegoen ezer. Eskolako guraso batzuek ko­mentatu zidaten. Sormen tai­le­rra antolatzen du guraso elkar­teak eskolaz kanpoko eki­men be­za­la, baina 8 urtetik gora­koentzat da eta hutsune bat bazegoela ikusi nuen. Probatze­ko jarri ge­nuen ostegu­netako eskain­tza hau eta 9 umeko taldea osatu da. Gehienak 5-6 urtekoak dira, baina 4 urteko hiru ume ere ba­dauzkat. Oso positiboa da, gus­tatzen bazaie, gero larun­batetako saioetan jarraitzeko aukera izan­go dute, 10 urtetik aurrera. Eta hor ez dago adin mugarik. Hori bai, saiatzen naiz gazte­txoenak lehenengo saioan jartzen eta helduenak bigarren saioan.

Astigarragan zaletasun haundia dago, beraz, edo inguruko jendea ere etortzen da?
Hernaniko pare bat etortzen dira, Martutenekoren bat… baina %98an, Astigarragakoak dira. Zaletasuna badago, bai. 35 urtetan, jende pila pasa da Astigartetik. Gainera, urtero urtero, erakusketa egiten da maiatzean eta horrek ere erakartzen du jendea, proiek­tua ezagutzera ematen da…

Erakusketaz gain, beste zerbait egiteko asmorik bai?
Gure asmoa bada, garai batean Luisek antolatzen zuen pintura lehiaketa berreskuratzea. Hala ere, denok berriak gara orain, zu­zendaritza ere aldatu da eta pix­kanaka joango gara denok mar­txa ondo hartu arte. Eta nik ez dizkiot ateak ezeri ixten. Ima­jinazio haundia dut, gehiegi as­ko­tan, eta joango dira gauza berriak sortzen. Herriko gauze­tan ere parte hartzen dugu. Aza­roan, Harituzek antolatuta­ko eki­menean zerbait egitekoak gara.

Beste 35 urte egiteko asmotan?
Asmoa bai, baina bizitzan gauza asko aldatu daitezke. Nik krixton gogoarekin hartu dut lan hau eta oraintxe espero dut 35 urte bertan aritzea. Gainera, oso talde polita daukat. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!