Gazteen partaidetza prozesua, fase berri batean

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 7a

Udalak parte hartze prozesua jarriko du martxan, gazteekin adosteko zein izan behar diren bere Gazte Politikaren lan ildoak. Ostiralean egingo dute aurkezpena, Biteri Plazan 18:00etan.

Hernaniko gazteriaren beha­rrak, nahiak eta ideiak eza­gu­tzeko, parte hartze prozesu bat abiatuko du Udalak: Gaztetu Hernani! Helburua da, herriko gazteekin adostea, zein izan behar diren Udalak martxan jarri nahi duen Gazte Politi­karen lan ildoak, eta elkar­la­nerako sortu beharreko espa­zioa definitzea.
Prozesu hau, Hernaniko Gazteriaren Diagnosia lanaren barnean dago kokatuta. Iker­keta hori, Udalak eta Azti­kerrek egin zuten elkar­lanean, eta proiektu orokorra izan zen. Fase berri honetan, gehiago zehaztu nahi dute diagnosi hori.

Aurkezpen saioa, ostiralean
Prozesuaren aurkezpena, osti­ral honetan egingo dute, Biteri Plazan. 18:00etan hasiko da, eta 19:30etan bukatu. Bertan definituko dute, Hernanin gaztea izatea zer den. Udalak dei egin die gazte guztiei, hur­bildu eta parte hartzeko. Izan ere, irekiak dira bilera guztiak.
Behin aurkeztuta, beste lau saio izango ditu partaidetza prozesuak, urrian hasi eta urte bukaera bitarte: urriak 24an, azaroak 7 eta 21ean, eta abenduaren 5ean. Lan saio bakoi­tzean, gai jakin bat jorratuko dute.

GAZTEEN PARTAIDETZA PROZESUA

Urriak 10, Aurkezpen saioa, Biteri Plazan, 18:00-19:30.
Urriak 24, Espazio publiko nahiz pribatuen erabilera.
Azaroak 7, Hernaniko gazteen arteko harremanak.
Azaroak 21, Gazte Politika baten giltzarriak.
Abenduak 5, Elkarlanerako espazioak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!