Plenoak ostegunean onartu zituen Sagardun Partzuergoaren estatutu berriak. Estatutuak egokitu egin dituzte legea betetzeko. Partzuergoa, Udalak, sagardogileek eta herriko kultur elkarte eta taldeek osatzen dute. Sagardogileen artean izan diren tira-birak konpontzeko, sagardogileek bi elkarte izango dituzte orain eta elkarte bakoitzak bere ordezkaria. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea egongo da alde batetik, eta Garlia elkartea bestetik. Sagardo Mahaiko sagardogileak eta sagardotegi independenteak egongo dira azken horretan. Estatutu hauek Sagardunen gardentasunerako pauso garrantzitsua izango direla azaldu zuen Andoni Gartzia alkateak. Udalak, aurten, 50.000 euro jarri ditu.
Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onartu ziren estatutuak. Zorione Etxezarraga EAJ-PNVko bozeramaileak azaldu zuen ez dutela nahikoa denbora izan guztia behar bezala aztertzeko eta ze ondorio ekarriko dituen aztertzeko. H1!eko Bixente Arrizabalagak ere zentzu berean hitz egin zuen eta beste proposamen bat egin zuen: «Udalak partzuergotik atera beharko luke. Sagardogileen elkarteek funtzionatu dezatela herriko beste elkarte bat bezala». Alkatearen erantzuna: «2003an sortu zenetik, Udala beti egon da bertan. Horrez gain, herrian eragin haundia duen egitasmo bat da, estrategikoa, eta Udalak egon behar duela argi dugu, diru publikoa nora bideratzen den jakiteko».
Larrialdi plan zehatzagoa
Larrialdi Plana ere onartu zen, aho batez. Udalak bazuen aurretik ere, 2004an onartutako Larrialdi Plana, baina 2011ko uholdeen ostean, besteak beste, eguneratzeko beharra ikusi zen. Plan honen helburua da, ezbehar larriko edo katastrofeko kasuetan erantzun egokia ematea: uholde kasuetan, istripu kimiko industrialetan, baso suteetan, arrisku sismikoaren aurrean...
Gazteen lokalen inguruko ordenantza
Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko Ordenantza ere egin du Udalak eta osteguneko Plenoan hasierako onarpena eman zitzaion, aho batez. Alkateak azaldu zuenez, hainbat bilera egin dira bai gazteekin, lokalen jabeekin, bizilagunekin... Ordenantza zehaztu aurretik. Orain hasierako onarpena emanda, berriz bilduko dira beraiekin. Alegazioak aurkezteko epea zabalik dago, 30 egunez. Alkateak azpimarratu zuen, herrian ez dagoela arazo berezirik gai honen inguruan, baina zehaztea beharrezko ikusi dutela. Gainerako herrietan martxan jarritako Ordenantzen antzekoa dela azaldu zuen. Bertan zehazten dira: ordutegiak, soinuak, segurtasuna, bete beharreko baldintzak...
.eus domeinua jarri eta zabaltzeko konpromisoa
Hiru mozio ere onartu ziren. Horien artean, .eus domeinuaren inguruko mozio bateratua onartu zuten, aho batez. Udalak honako konpromisoak hartu ditu: «Udalaren domeinua, .eus domeinu bezala erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko, urrats guztiak ematen jarraituko du, hartara, ahal bada, Euskararen Egunerako aktibatua egon dadin. Horrez gain, herriko partikular, eragile sozial zein enpresei, .eus domeinuaren inguruan informazioa eskainiko die, ahalik eta gehienak izan daitezen Astigarragan .eus domeinua erabili eta sustatuko dugunak. Eta jakinarazi, azaroaren 18ra bitarte izango dela epe muga, abenduaren 3an, Euskararen Egunean domeinu guztiak aktibatzeko».
Kutxabanken eskualdatze prozesuaren alde
Kutxabanken inguruan, bi mozio aurkeztu ziren: EH Bilduk aurkeztua eta EAJk aurkeztua. Lehenengoa onartu zen Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren kontrako botoekin. Mozioaren arabera, honako erabakiak hartu ditu Udalak: «1.- Astigarragako Udalak, herritarren, familien eta bertako ekonomiaren mesedetan arituko den Kutxabanken finantza-ildo eraberritu bat aldarrikatu nahi du. 2.- Kutxaren eta Kutxabanken izaera publiko eta soziala bermatzeko beharrezkoak diren neurri eta erabakiak hartzeko borondate eta prestutasun irmoa du. 3.- Udalak Kutxako batzarrari eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu duen eskualdatze-prozesu hori martxan jarri dezala, Gipuzkoako Kutxa banku-fundazio bihurtu ez dadin eta herritarren eta bertako instituzioen izaera publiko eta soziala bermatzen jarraitzeko». Etxezarragaren esanetan, EH Bildu hanka sartze izugarria egiten ari da Kutxabankekin.
PPren Hauteskunde Lege aldaketaren aurka
PPk proposatutako Hauteskunde Lege aldaketari erantzunez, mozio bat aurkeztu zuen EH Bilduk eta onartu egin zen: «1.- Udala honek, Madrilgo Gobernutik PPk egin nahi duen lege aldaketaren aurkako jarrera adierazten du, botorik gehien jaso dituen alderdiko zerrendaburua zuzenean alkate izendatzeari dagokionez. Udal eta herritarren interesen gainetik, PPren alderdi interesei erantzuten dielako. Udal honek, edozein aldebakarreko aldaketa errefusatzen du. 2.- Udal honek, Euskal Herriaren beharren arabera antolatzeko eskubidea aldarrikatu nahi du. 3.- Udal honek, bere jardueran herritarren partehartzea eta demokrazia zuzenerako tresnak martxan jartzeko konpromisoa hartzen du. 4.- Ebazpen honen berri herritarrei eta Madrilgo Gobernuari emango zaie».
Gobernu Taldeak eta EAJk alde bozkatu zuten. H1! abstenitu egin zen, hirugarren puntua zela eta: «Partehartzea eta demokrazia zuzena? Eta Gobernu Talde honek zergatik ez du entzun atez atekoaren kontrako oihua?».
Udala, Fiare banka etikoan
Elizako eskaileren azpiko lokala, elizaren inguruko taldeari uztea ere erabaki zen, aho batez. Udala Fiare banka etikoan sartzea ere bai, Gorbernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. EAJko bozeramaileak azaldu zuen informazio gehiago behar dutela. Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak lankidetza hitzarmena sinatzea ere onaru zen, aho batez.
Elgopebi kasua, hizketagai
H1!eko bozeramaileak, Elgopebi kasua aipatu zuen, Pleno bukaeran. Epaileak hartutako erabakiarekin pozten direla azaldu zuen eta acción de regreso martxan jarri dutenei autokritika egiteko eskatu zien. Sententzia irakurtzeko gonbitea ere luzatzen die herritar guztiei. Alkateak erantzun zuen oraindik ez dela ezer bukatu, errekurtsoa jartzeko aukera dagoela eta gaizki egindako gauzak argitzearen alde lanean jarraituko dutela: «Astakeria da alkate batek inongo txostenik gabe, berak hitzarmen bat sinatzea. Politikoek gaizki egiten dutenean, beraien ardura izan behar dute». EAJko bozeramaileak Gobernu Taldeari eskatu zion errekurtsorik ez jartzeko: «Mendeku politikoan ari zarete».