Oialume Zar sagardotegiak 2002 urtean ireki zituen ateak. Hasi berriak direla esan liteke, sagardogintzaren mundu honetan. Eta Astigarragako gainerako sagardotegien ibilbidea ikusita, errespetuz hartu duela elkarrizketa egiteko proposamena azaldu du Ander Barrenetxeak. Sagar uzta festa egin zen Astigarragan pasa den asteburuan, tolaretako lanen hasiera ospatuz, eta lan horien inguruan aritu da Kronika Barrenetxearekin.
Joan den asteburuan hasi ziren sagarra biltzen; aurreko ostiralean izan zen lehenengo jo aldia. Hainbat sagasti badituzte Oialume Zarren, baina sagasti txikiak direla dio Barrenetxeak eta inguruko baserrietako sagarrak biltzen dituzte: Betelu aldetik (Intzatik), Andoaindik, Zaldibitik, Itziar, Astigarraga, Hernani, Goizueta… «Dena dela, 600 bat landare baditugu 4 urtekoak. Hemendik pixkatera hasiko dira sagarra ematen», nabarmendu du. Propio aldatu zituzten sagardotegiarentzat, beraien asmoa baita, etxeko sagarrarekin eta inguruko baserrietakoarekin egitea sagardoa, ahal den neurrian: «Beti saiatzen gara bertako sagarrarekin bakarrik egiten, baina aukera ez dagoenean, kanpotik ekartzen dugu. Frantziatik».
Denentzako sagardoa
Sagar barietatearen arabera, aldea izaten da sagardoan. Sagarrak garratzak, mikatzak, gozoak, gezak… izan daitezke eta ze barietate hartzen dituzten galdetuta, honakoa erantzun du: «Hemengo sagarra, baserrietatik ekartzen digutena, tokatzen den bezala. Baina Frantziatik eskatzen duzunean, komeni zaizuna eskatzen duzu», dio.
Sagasti berrian, 6 barietate dituztela azaldu du: Goikoetxe, txalaka, urtebi txiki, urtebi haundi, moko eta mozolo. Iosu Osa sagar katan adituak aurreko larunbatean Kronikari azaldu zionez, enologoek 10 barietate bereizten dituzte sagardo edan erraza eta denen gustokoa egiteko. Gehienak garratzak dira eta tartean, geza batzuk. Barrenetxeak aipatutako seiak barietate horien artean daude. Eta halaxe azaldu du, jende guztiarentzat edateko moduko sagardoa egiten ahalegintzen direla Oialume Zarren.
«Beti saiatzen gara bertako sagarrarekin bakarrik egiten sagardoa»
Sagardo ona espero
Sagar urtea, bi urtetik behin izaten da eta aurtengoa urte ona izango zela espero zuen Barrenetxeak, hala tokatzen zelako, baina ez omen dirudi. «Espero baino gutxiago eman du eta seguraski kanpotik ekarri beharko dugu sagarra». Eta nolako sagardoa espero duen galdetuta: «Oso ona espero dut!», dio.
12 urte hauetan, gustora
Oialume Zar pixkanaka joan da hazten 12 urte hauetan. Hasierako lau urteak tolare gabe egin zituzten. Orain, tolarea ere badute. 6 kupelekin hasi ziren eta tolarea sartzearekin batera, beste 3 kupel jarri zituzten. Gaur egun, 35.000 litro sagardo egiten dituzte. Txotx denboraldiaz aparte, sagardoa botilan ere saltzen dute. Urtetik urtera, martxa gehiago hartzen ari dela sagardotegia dio Barrenetxeak eta gustora daude izandako erantzunarekin.
Sagardotegia martxan jartzea, aitaren nahia izan zela azaldu du Barrenetxeak, baina bera ere oso gustora aritzen dela lanean. «Beti gauza desberdinak egin behar izaten dira gainera. Orain, sagarra jotzeko garaia da. Gero, denboraldia hasiko dugu urtarrilean, San Sebastian inguruan. Ondoren, enboteilatzen ariko gara ekainera arte. Uztaila eta abuztuan, berriz, lasaitu egiten da eta orduan izaten dut musikarekin lan gehiena».