Orain dela 10 bat urte, kuadrila baten iniziatibatik sortu zen egun pasa, ohitura bihurtu da Ereñotzun. Aranoko igoera, hain zuzen. «Zenbat urte izango diren ez dakit, egia esan. 10 bat bai behintzat. Lagunartean egin genuen plana. Gure kuadrilakoak eta beste batzuk komentatu genuen Aranora igo behar genuela bizikletan. Egun pasa egin behar genuela bizikletan eta gero bertan bazkaldu. Halaxe egin genuen eta pixkanaka zabalduz joan da», azaldu dio Ibon Minerrek Kronikari. Ideia gustatu, eta urteetan ahoz aho zabaltzen joan dela gaineratu du. Gaur egun ekimen irekia da, ereñotzuar guztiei eta nahi duten guztiei zabaldua.
Ereñotzutik, Aranora
Aurtengo igoera, gaur bertan egingo da. Goizeko 11:00etan abiatuko dira Ereñotzuko semaforotik eta helmuga Aranoko plazan izango da.
Helburua, ondo pasatzea
Ekimen honen helburu bakarra, ondo pasatzea dela azpimarratu du Minerrek. Igoeraren ostean, bazkaria izango duten zain Aranoko Kontsejuan. Bazkarira ere nahi zuena joan zitekeen, baina izena eman behar zen aurretik.
Herritar ugari
Bizikletan dozena bat lagun elkartu ohi diren arren, laguntzen eta giroa jartzen herritar ugarik hartzen dutela parte azaldu du Minerrek: «Parafernalia ugari izaten da. Jendea kotxeekin, motoekin giroa jartzen, jendea helmugan... Bazkaltzen, 30 bat lagun elkartu ohi gara».
Hitzaldiak, erakusketak, irteerak...
Urtero bezala, Udazken Kulturala antolatu dute Ereñotzun, urria eta azaroan zehar, eta Aranoko igoera, lehenengo ekintza izango da. Gainerako ekintzak, honakoak: hitzaldiak, erakusketak, auzoko festa, emanaldiak, ikuskizunak, bertso afaria, irteerak...
UDAZKEN KULTURALA
GAUR
11:00, Aranoko igoera bizikletaz. Irteera Ereñotzuko semaforotik.
URRIAK 15, ASTEAZKENA
19:30, ‘Eskalada musikatuak. Alpeak eta Pirineoak’ emanaldia.
URRIAK 18, LARUNBATA
10:00, Epeleko aterpean ‘Burruntziak, uraren hegoak’
hitzaldia eta erakusketa.
URRIAK 19, IGANDEA
17:00, Auzoko festa frontoian: sagardo dastaketa, gaztain erreak, azoka, patata tortilla lehiaketa...
URRIAK 22, ASTEAZKENA
19:00, ‘Elikaduraren eragina
osasunean’ hitzaldia.
URRIAK 23, OSTEGUNA
19:30, Mundua bizikletaz Asian.
URRIAK 24, OSTIRALA
22:00, pelikula.
URRIAK 25, LARUNBATA
11:30, Florencio Galdino
umeentzako ikuskizuna frontoian.
URRIAK 29, ASTEAZKENA
19:30, ‘Ereñotzu inguruko historia, toponimia eta saroiak’ hitzaldia.
AZAROAK 1, LARUNBATA
20:30, Bertso afaria Ur-Mia
elkartean Maialen Lujanbio eta
Unai Agirre bertsolariekin. Txartelak salgai Ur-Mia elkartean eta Irrintzi
tabernan 25 euroan.
AZAROAK 8, LARUNBATA
Egunpasa Sarako kobazuloetara. Irteera 09:30etan Ereñotzuko autobus geltokitik. Txartelak Auzo Udalean salgai.
ERAKUSKETA:
Urriaren 20tik aurrera ‘Burruntziak, uraren hegoak’ Auzo-etxean.