«Gainean geneukanarekin atera ginen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 4a

Kaxmirrekoa (India, Pakistan eta Txina artean) da Imran Ahmed Wahi, eta hernaniarra, Nerea Mujika. Hernanin bizi da bikotea, baina urtero  joaten dira Kaxmirrera familia bisitatzera. Aurten, uholdeek harrapatu dituzte, eta «egoera oso larria» bizi izan dute. Diru-bilketa jarri dute martxan, laguntza bidaltzeko. Argazkiak ere jarri dituzte Plaza Berrin, (11:00-14:00).

Atzotik Kaxmirreko argazkien erakusketa ikusi daiteke Plaza Berrin, bihar arte. Uholde haundiak izan dira bertan iraila hasieran, eta lehenengo pertsonan bizi izan dituzte Imran Ahmed Wahik eta Nerea Mujikak. «Oso gogorra izan da», dio bikote hernaniarrak.
Horregatik, SOS KAXMIR elkartea sortu dute, eta kontu korronte zenbaki bat ireki dute, dirua bildu eta laguntza bidali ahal izateko: ES61 0081 4240 9100 0110 4010. «Janaria, ur edangarria edo erropa bidali ahal izatea da asmoa».

«Igandetik ostiralera atera gabe egon ginen»
Abuztuaren 24an iritsi ziren Nerea Mujika eta Imran Ahmed Wahi Kaxmirrera. Astebete ederki pasa zuten, baina ondorengo 10 egunetan  euria gelditu gabe bota zuen. «Mezkitako bozgorailuetatik abixatu zuten, etxeetako lehenengo pisuak utzi eta bigarrenetan lo egiteko».
Euriaren ondorioz, Chenab  (1.000km inguru) eta Jhelum  (700km inguru) ibaiak asko hazi dira. Kaxmir eta Pakistan zeharkatzen dituzte, eta euriteek eraginda, 2.600 herrik kalteak izan dituzte Jammu eta Kaxmir estatuan; horietatik 450 ur azpian gelditu dira. Hildakoak 500dik gora izan daitezkeela uste da, eta de­sagertuak, auskalo. Hain zuzen, hortxe dauka familia bikote hernaniarrak, Srinagar, Indiako udako hiriburuan.

«Janaria, ur edangarria edo arropa bidali ahal izatea da asmoa».

«4km-tara daukagu ibaia, eta ikustera joan ginen. Bere bidetik aterata zegoen, baina ez zen ezer gertatu. Gainera, egun batean ez zuen euririk egin. Gero, ordea, berriz hasi zuen, eta ura pixkanaka igo­tzen hasi zen, kolpean 4 eta 6 metro artean igo zen arte. Bizilagun baten etxera joan behar izan genuen. 80tik gora pertsona elkartu ginen etxe hartako 2 eta 3garren pisuetan, eta igandetik ostiralera atera gabe egon ginen: argi, telefono, informazio... gabe. Ume asko ere gaixotu dira. Gureek, batek 4 urte eta besteak 3 hilabete dituzte».

«Gatazka berpiztuko da»
Indiako ejerzitoko komunikazio arduradunak, Ratanjeet Singh-ek Efe komunikazio agen­tziari esandakoaren arabera, 31.900 pertsona erreskatatu dituzte. Imran Ahmed Wahik, ordea, uste du «Indiako jendea eta turistak bakarrik lagundu di­tuztela». Hala azaldu: «Indiako gobernuak esan du 75.000 rupia (1.000 euro inguru) emango dizkietela etxerik gabe gelditu direnei, baina etxeek gehiago balio dute. Seguru Indian gertatu balitz gehiago emango luketela. Laguntza ere, ukatu egin digute. Helikopteroak ikus­ten genituen, baina Kaxmirkoei ez digute lagundu, ezta janaririk eman ere. Orain gatazka ez da sumatzen, baina hau pasatzean, berpiztu egingo dela esango nuke. Jende gaztea erreta dago, eta laster hauteskundeak izango dira Indian».

«Kalteak ikaragarriak dira»
Lehengusu baten laguntzarekin atera ziren Nerea eta Imran Kaxmirretik, txalupan. «Gaine­an geneukanarekin ate­ra gi­nen». Gero New Delhira jo zu­ten. Familiaren zati bat ere New Delhin dute, baina ez denak. 60.000 pertsona etxe gabe gelditu dira, eta ur zikina geldituta dago. Gaixotasunak zabaltzen ari dira. «60ko hamarkadako uholdeak ez ziren hainbesterainokoak izan, eta 3 urte behar izan ziren errekuperatzeko. Ez mdakigu zer gertatuko den».

Kaxmirreko gatazka

Kaxmir zatituta dago India, Pakistan eta Txina artean. Kaxmir bailara, Jammu eta Ladakh (zonalde budista), Indiako Jammu eta Kaxmir estatuaren parte dira. Kaxmirreko ipar eta mendebalak, berriz, Pakis­tanen gobernupean daude: Kaxmir Azad, Giglit eta Baltistan. Azkenik, ekial­de­ko Shaksgam bailara eta Aksai Chin, Txinaren es­kutan daude.
Zatiketa 1947an etorri zen, britainiarren agintari­tza bukatzean. Bi estatu sor­tu ziren orduan: India eta Pa­kistan. 562 printzerriak es­tatu batera edo bestera batu ziren. Jamu eta Kaxmir estatua, ordea, zalantzan gelditu zen: Hari Singh maharajak goberna­tzen zu­en, baina biztan­le­riaren gehiengoa musul­mana zen. Ondorioz, bi herrialdeek, Pa­kistan eta Indiak, zo­naldea erre­kla­matu zuten. Hiru gerra izan dira: 1947 urtean aurrenekoa, 1965ean biga­rrena eta 1999an azkena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!