Soinketa erritmikoa, gorputzaren kontrola eta malgutasuna lantzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko ira. 27a, 02:00

Gimnasia erritmikoa emango du Tximeleta taldeak ikasturte honetan eta izena emateko aukera dago. Urriaren 1ean hasiko dira klaseak. Astelehen eta asteazkenetan izango dira (17:00-18:00), Kiroldegian.

Ikasturte honetan, Txime­leta taldeak izango du ardura soinketa erritmikoa emateko. Urriaren 1ean hasiko dira saioak. Ordubetekoak izango dira, astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara, kiroldegian. Izena emateko eta informazio gehiagorako: 943 11 63 42 telefonoa edo info@grupotximeletataldea.com.

Helduen taldea ere, sortzeko aukera
Saio hauek, berez, haur eta gazteentzat izango dira, baina helduen taldetxo bat ateratzea ere ondo legokeela pentsatzen dute Tximeletako arduradunek. «Beraz, herrian helduak animatzen badira, beraiei zuzendutako saioa ere eskaini dezakegu», diote.

Mutilei ere, deia
Askotan, soinketa erritmikoa neskekin lotzen den kirola dela diote Tximeletatik, baina mutilentzako ere badela argi utzi dute. Gaineratu dute, alde horretatik, txikiekin lanketa bat egiten ari direla: «4 eta 5 urtekoentzat, gimnasia eta musika munduan sartzen hasteko, soinketa erritmikoa eskaini beharrean, soinketa dibertigarria eskaintzen hasi gara. Oso lan polita dela iruditzen zaigu».

«Malgutasuna beharrezkoa dugu»
Gimnasia erritmikoa egiteak, ume bati edo pertsona bati ze onura ekartzen dizkion galdetuta, honakoa erantzun dute Tximeletako kideek: «Onura haundiak ekartzen ditu, ez bakarrik gorputz osasunari dagokionez, baita elkarbizi­tzako baloreei dagokienez ere. Gimnasia erritmikoan, taldeko lana asko sustatzen da, aniztasuna (bakoitzak bere gaitasunak ditu), errespetua... Eta gorputzari dagokionez lantzen dira, oreka, koordinazioa, gorputzaren kontrola... baina batez ere, malgutasuna. Azken hori helduaroan da gehien galtzen dena eta denok beharrezkoa dugu».

Tximeleta, talde ezaguna Astigarragan
Tximeleta taldeak azken urteetan ez ditu berak eman gimnasia erritmikoko saioak Astigarragan, baina ez da ezezaguna. Izan ere, Tximeleta eta Astigarragaren arteko harremana 1988an hasi zen eta orain, harreman hori berreskuratu nahi dute. «Marisa Ruiz Aranburu gaur egungo Tximeleta elkarteko zuzendari teknikoa, Astigarra­gako entrenatzailea izan zen 1988tik 2000 urtera. Txime­le­tako entrenatzaile askok bertan jaso zituzten beraien entrenamenduak lehenengo aldiz, tapiza kiroldegian sartu zenetik», diote. Eta gaineratu dute: «Marisa 100 ikasle inguru izatera iritsi zen bere garaian eta poliki poliki hau lortzea espero dugu».

Beste hainbat ekintza eskaintzeko prest
Tximeleta taldea, soinketa erritmikoko kirol kluba bezala sortu zen orain dela 20 urte baino gehiago eta urte hauetan zehar lortutako esperientzian oinarrituta, arlo desberdinak lantzen ditu gaur egun, ongizate fisiko, emozional eta sozialaren barruan. Hainbat ikastetxe, elkarte, kiroldegi, enpresa eta erakunderekin egiten dute lan eta era askotako ekintzak antolatzen dituzte.
«Dantza munduarekin hasi ginen, baina gaur egun kultur eta kirol ekintzak eskaintzen ditugu, hala nola, antzerkia, euskal dantza, ipuin kontaketa, ingelesa… Astigarragan aurten soinketa erritmikoarekin hasiko gara eta poliki poliki eta biztanleek eskatzen dutenaren arabera, beste ekintza batzuk eskaintzeko prest egongo gara», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!