Aurreneko garaipenak ezin die berriz ihes egin

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 4a

Getxoren kontra ariko da gaur Hernani, 17:30etan Faduran, aurreko larunbateko arantza ateratzeko asmoz.

Gogorra izan zen aurreko larunbateko porrota, CRC Pozueloren kontra. Mingarria. Estreinako garaipena hain gertu izan, eta puntuek ihes egin zieten Landaretik, hirukoloreei. Horregatik, denboraldi hasiera txarrari buelta ematen saiatuko da Hernani gaur, Getxoren kontra. Fadurako zelaian, 17:30etan.
Aurreneko garaipenaren bila joango dira hernaniarrak, egoera zailean dagoen beste talde baten kontra. Partidu bakarra irabazi du Getxok, eta ez du bonusik lortu. Puntu asko jaso dituzte hori-beltzek ere, aurreneko hiru partiduetan. Edozein kasutan, beti da zaila Faduratik puntuak ateratzea, baina hernaniarrek ez dute nahi aurreneko garaipenak ihes egiterik, berriro.

Taldean aldaketak, Getxok
Aldaketa ugari izan ditu Getxok, denboraldi berrirako. Entrenatzaile lanetan, Paul Healy Ordiziako prestatzaile ohia zen aritzekoa, baina huts egin zien azkenean, eta Iñaki Perez Ortzik hartu zuen ardura.  
Jokalarien artean, baja garrantzitsuak izan dituzte: James eta Aboitiz harroinek, Zabaloy bigarren lerrokoak eta Snee joko zabaltzaileak utzi dute taldea. Fitxatu dituztenak ez dira makalak, ordea: Gorka Imaz eta Leandro Wozniak harroinak, Windon atzelaria eta Elih Baillie zentro ezaguna.
Partidu gogorra bezain garrantzitsua izango da, egoerari buelta ematen hasteko. Horre­­ta­rako, bueltan ekarri beharko dute gaur, aurreko asteburuan ihes egin zien garaipena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!