Hegohaizea eta euri gutxi, udazkenerako prebisioa

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 4a

Iraila erdialdean izan ziren tenporak, eta eguraldi xuabea iragarri zuten: hegohaize aldakorra, eta tarteka lainoak.

Udazkena bete-betean da. Tenperatura hasi da freska­tzen, paisaiak kolore marroixka hartzen... Haizeak hegotik jo­tzen du egun askotan, eta zelai eta zuhaitz inguruak hasi dira hostoz betetzen. Natura lokartu egiten da udazkenean, negurako prestatu. Baserri­ta­rren­tzat ere, urtaro berezia izaten da, uzta biltzeko garaia: babarrunak, artoak, intxaurrak, gaiztainak, sagarrak... udazkenean biltzen baitira.

Udazken «xuabea»
Negua bitartean egingo duen eguraldia jakin nahian, tenporetan dute fedea askok. Irai­laren 17, 19 eta 20an izan ziren, eta horretan aditua den Peio Zabalak eman du Aran­tza­zutik egindako prebisioaren be­rri. Udazken atsegina izango dela iragarri du, tipikoa. Go­goratu du, tenporek joera ba­ten berri ematen dutela, eta ez informazio zehatza: «haizeak Hegotik jo du hiru egunetan, eta tarteka, hego mendebaletik ere bai. Tenperatura atsegina izango da beraz, udazkenean». Era berean, gogoratu nahi izan du, urriko tenperatura xuabea eta abendukoa, ez direla gauza bera. Izan ere, nahiz eta haizeak hegotik jo, urrian tenperatura 20ºCren bueltan ibiliko da; eta azaroak aurrera egin ahala, eta bereziki abenduan, freskoagoa izango da.

Haizea eta ten­pe­ratura epela izango dira protagonista udazkenean. Euria, nabarmenago, azaro erditik aurrera espero da.


Euri kontu askorik ez dela es­pero ere, esan du Peio Za­ba­lak: «hego mendebaleak eka­­­rriko ditu laino ilunak, baina ez dute euri askorik utziko. Beldurra ematen dit aurreko urteetan baino euri gutxiago izango ote den. Joera hori ikusten diot nik».

Ohi baino beroagoa, eguraldi agentzien arabera
AEMETek egindako prebisioaren arabera, tenperatura ohi baino epelagoa izango da udazkenean. Euriari dagokionean ordea, ez du aldaketa askorik iragarri. Balore normaletan ibiliko dela azaldu dute, urria lehorragoa, eta azaro erditik aurrera umelagoa. Tarteka haize bolada gogorrak izango direla ere azaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!