Zilarrezko domina jantzita bueltatu da Mexikotik, Amaia Irazustabarrena palista hernaniarra. «Oso pozik nago, ez nuen halakorik espero», kontatu dio Kronikari. Dena izan da berria beretzat: estreineko Mundial absolutua, 30 metroko frontoian aritzea... «Asko ikasi dut, jokoaz eta kokapenaz». Esperientzia hori guztia, bere alde izango du hurrengo urteotan.
Aurreneko Mundial absolutua, eta zilarrezko domina etxera. Ez da makala...
Ez da, ez. Iaz 22 urtez azpikoa jokatu nuen trinketean, hau nuen aurreneko absolutua. Eta oso pozik, ez nuen halakorik espero. Berez, datorren urtekoa ari nintzen prestatzen, 22 urtez azpikoa. Oso denbora gutxian izan da dena: ekainean abisatu zidaten, eta irailean zen Mundiala.
Modalitate berrian, gainera.
Bai, aurten aritu naiz aurrenekoz, 30 metroko frontoian. Probatzeko esan zidaten, datorren urtera begira, ikusteko zer moduz moldatzen nintzen. Aurten Mundiala zegoenik ere ez nekien, eta bat-batean, Mexikora joateko deitu zidaten. Ziztu bizian joan da dena: Valentzian lau asteburutan entrenatu, txapa baxuagoa daukatelako han, eta zuzenean Munduko Txapelketara.
Espero zenuten hain urruti iristea?
Finalera ez, behintzat. Latinoamerikan, ohitura daukate modalitate honetan aritzeko; guretzat berria zen. Eta ez genekien, nola ibili gintezkeen. Semifinalera iristeko esperantza geneukan. Baina Argentinari irabazi eta finalera iristea...
«Oso denbora gutxian izan da dena: 22 urtez azpiko Mundiala ari nintzen prestatzen, eta bat-batean, Mexikon absolutua jokatzeko deitu zidaten»
Lau taldekide zineten, eta zuk ez zenuen finala jokatu. Gogoz geratuko zinen...
Beti ematen dizu pena. Behin finalera iritsita, jokatu nahi duzu. Baina, azkenean, Raquel Micók eta Maider Mendizabalek izan zuten aukera hori.
Mexikoren kontra galdu zenuten finala. Zergatik dira hain onak?
Beraiek oso segurolak dira, ez dute jokaldirik egiten. Partidu osoan, pare bat baino ez. Aguantatzea da beraien jokoa, eta guk ez daukagu pazientziarik frontoian, ahal denean bukatzen saiatzen gara. Baina dena eramaten dute, oso onak dira bi eskuekin, eta horrela irabazten dute.
Partidu bat jokatu zenuen Mundialean, Argentinaren kontra. Nolakoa izan da Mundiala, zuretzat?
Ligaxkan jokatu nuen partidu hura, eta galdu egin genuen. Baina gustora geratu naiz egindakoarekin. Azken batean, modalitate honetan entrenatu dudan apurrarekin, eman dudan maila ahal nuen onena izan da. Eta batez ere aurrera begira, oso esperientzia ona izan da. Asko ikasi dut, nola kokatu, zer egin egoera bakoitzean... Eta hori plus bat izango da, datorren urtean 22 urtez azpikoan aritzeko. Esperientzia oso garrantzitsua da.
Trinketea edo frontoia nahiago?
Frontoia gehiago gustatzen zait, beharbada urte gehiago eman ditudalako horretan. Orain bietan ari naiz entrenatzen, baina datorren urterako, frontoian prestatuko naiz, 22 urtez azpiko Mundialerako. Ahal dudan moduan entrenatuko dut, hemen hain frontoi luzerik ez dagoelako, eta txapa horren baxu daukanik. Txapa behera bota, eta pentsatzen duzu: hori ona izango zen!
Nola ikusten duzu zure etorkizuna palan?
Salto haundia dago, orain ari direnen eta atzetik gatozenen artean. 35 urte inguru dauzkate haiek, eta guk apenas 20. Gazte asko gatoz orain, baina tartean, bizpahiru palista bakarrik daude. Horregatik, uste dut badaukadala jarraitzeko aukera. Gainera, jada Mundialera joanda, ikusi naute, edo entzun dute nire izena.
Definitu jokalari bezela.
Jokatzea gustatzen zait asko. Pazientzia askorik ez daukat, segituan egin nahi dut jokaldia. Indarra ere ez da nire fuertea, aurrean mugitzekoa naiz gehiago. Eta jarrera aldetik, uste dut jokalari noblea naizela, ez dut inoiz jarrera txarrik eduki, frontoi batean.