«Honekin jarri diot ginda pastelari!»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 3a

Eva Esnaola izan da Spartathlon proba gogorrean parte hartu duen Estatuko aurreneko emakumea, eta hirugarren postuan bukatu du. «Hernaniko neskek beti ateratzen dugu zerbait!».

Eva Esnaolak 30 ordu baino gutxiago behar izan zituen lehengo asteburuan, Espar­tatik Atenaserako 246km-ak egiteko. Estatuko aurreneko emakumea izan da proban parte hartzen, eta 3ga­rren postua lortu du.

Espero zenuen horrelako emaitza ona lortzea?
Bai zera! Ni por el forro! Pentsa, bukatzeko gai izango ote nintzen ere ez nekien! Normalean aurreneko aldiz proba hau egiten dutenek ez dute bukatu ere egiten.

Nolako esperientzia izan da? Mendian eta gauez ibiltzeari beldurra zenion...
Oso gogorra. Ez nuen uste hainbesterainokoa izango ze­nik. Beldurra pasa dut, eta estresantea ere izan da, ka­rreteran, bakarrik, kotxe edo kamioiak ondotik pasatzen zirela... Baina gaua eta men­diari dagokionez, uste baino hobeto! Zortea izan nuen: iazko irabazlearekin, Oliveira­re­kin joan nintzen, hark za­paltzen zuen tokian zapaltzen nuen. Berak esan zidan: lasai, nik eramango zaitut.

Eta ongietorria, espero zenuen?
Ze sorpresa! Eta ni, ze igno­ran­tea! Ateraino eraman ninduen alabak. Ahizpak esan zidan atletismoko bulegora joateko, argazkiak ikustera, eta ala­barekin joan nintzen. Iritsi arte ez nintzen kon­turatu! Egia esan, oso polita izan zen! Eskertzen dira horrelakoak. Pelotan ere, Ira­zus­tabarrena azpitxa­pel­dun geldi­tu da Mexikoko mundialean! Her­naniko nes­kek beti atera­tzen dugu zer­bait! Ni ere her­naniar bezala ezagutzen naute, karreretara Hernaniko kami­xetarekin joa­ten naizelako.

Helmugara iristea ere goxoa izan al zen?
Oso gutxi disfrutatu nuen. Patetikoa izan zen. Oker-oker eginda iritsi nintzen, atze­raka. Iruditzen zitzaidan zu­zen­duz gero, erori egingo nintzela. Oso nekatuta iritsi nintzen. Frontalarekin gaizki ibili nintzen; zuloei begira, asko nekatu nintzen. Ez dut sekula izan goizeko 07:00ak iristeko hainbesteko gogorik!

Errekuperazioa, gogorra?
Igandean bueltatu, eta lorik egin gabe ere, lanera buel­tatu nintzen. Astelehena oso ondo pasa nuen, baina as­tear­tean izugarrizko jakeka izan nuen. Bi egun pasa ditut horrela. Hankak, berriz, uste baino hobeto!

Eta orain, baduzu planik?
Oraingoz ez dut ezer buruan. Donostiako maratoira joango naiz, lasai, ondo pasatzeko. Baina ez besterik. Hau behin egin dut, eta nahikoa. Jarri diot ginda pastelari!


Esnaolak badu sponsorra

Pelotadendak Eva Esnaola zoriondu nahi izan du Spartathlonean lortutako emai­tza ikaragarria dela-eta: «estatu mailan lehenengo emakumea da proba gogor hau egiten due­na, eta nolako denborarekin! Ikaragarria!». Era berean, jakinarazi du Pelotadendak babestu duela Esnaola lasterketan, spon­sor bezela. «Kronikak argitaratu zuen Eva Esnaolak sponsorra behar zuela; berarekin kontaktuan jarri eta korrikalaria sponsorizatzeko aukera izan dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!