Asteartean bildu zen Plenoa udaletxean, eta 15 puntu edo gai landu zituzten. Besteak beste, Floridako hirigintzako testua behin betiko onartzea, hirigintza lizentziak nola eskatu arautzen duen ordenantza onartzea, Hernani Composta en Red sarean sartzea, Andrekale izenari dagokion zuzenketa, dirubilketako ordenantza onartzeko proposamena, kirol zerbitzuetako araudi aldaketa, taxi zerbitzuen tarifak, edo Udalbiltzako kide egiteko proposamena.
Bestalde, bi mozio ere bozkatu ziren: alkateen aukeraketa zuzenari buruzkoa eta Kutxabanki buruzkoa.
Florida, Young Play eta lizentziak, Hirigintzan
Hirigintza alorreko 3 gai landu ziren. Batetik, Floridako Arau Subsidioaren testuan egindako moldaketak onartu ziren aho batez. Bestetik, Hirigintza lizentziak nola eskatu, izapidetu eta ejekutatu arautzen duen ordenantza sortzea erabaki zuten, H1!en abstentzioarekin, eta gainontzeko alderdien aldeko botoarekin.
Azkenik, gai-ordenean ez bazegoen ere, gaia lantzea onartu zuten: Young Playeko obren plan berezia onartzea. H1! abstenitu egin zen, baina gainontzeko alderdiek plana onartzearen alde egin zuten. (Abuztuaren 21eko Kronikan ikusi daiteke zein den plana).
33 auzokonposta gune, laster
PSE eta H1!en abstentzioarekin, eta EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin, Hernani Composta en Red Espainiako sarean sartzea onartu zen, 2013tik auzokonpostaren alde Udalak egin duen kanpainarekin jarraituz. Era berean, Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen urte bukaerarako herrian 33 auzokonposta gune izango direla.
Kiroldegiko familia bazkide txartela edukitzeko aukera luzatuko zaie 26 urte arteko seme-alabei; 30 urte bete arte.
Andre kalea, aurrerantzean
‘Andrekale’ izenari buruz euskara sailetik jasotako proposamena onartu eta ‘Andre kalea’ izendatzea erabaki zen; H1!ek kontra bozkatu zuen, «izen historikoa mantentzearen alde» dagoelako.
Informazioa herritarren esku
Herritarren Arreta Zerbitzua hobetzeko asmoz, dirubilketako ordenantza fiskala onartzea proposatu zen; horrela, araudi askotan banatuta dagoena ordenantza bakarrean bildu eta herritarren eskura jarri ahal izateko; alderdi guztiek alde bozkatu zuten, H1!ek ezik; abstenitu egin zen.
Kiroletako araudia aldatu eta taxi tarifak mantendu
Kirol zerbitzuaren araudia aldatu egin da, Patronatua zegoen garaiko araudia zegoelako. Aldaketa horien artean, aho batez onartu ziren: bazkide familiarren txartelak mantentzeko aukera luzatzea 26 urteko seme-alabei, 30 urte arte; eta aldageletan argazki edo bideoak egiteko debekua (orain mugikorrak asko erabiltzen direla-eta).
Taxi tarifen inguruan ere, alderdi guztiak ados egon ziren: 2015ean mantendu egingo dira 2014ko tarifak.
Udala, Udalbiltzako kide
EH Bilduren aldeko botoekin, eta gainontzeko alderdien kontrako botoekin, onartu egin zen Hernaniko Udala Udalbiltza partzuergoko kide izatea. 15.000 euroko kuota du (lehenago ere dirulaguntza moduan ematen zena). PSEk adierazi zuen: «ez gatoz bat Udalbiltzaren helburuekin; EUDELen alde egiten dugu». EAJk esan zuen EUDELekin «nahikoa» dela: «Udalbiltzak zerbitzu berak eskaintzen ditu».
Mozioak, eztabaidan
Madrilgo PPk proposatutako alkateen zuzeneko aukeraketaren kontrako mozioak aurkeztu zituzten PSEk eta EH Bilduk. Aho batez onartu ziren 3 puntu; lurraldetasunari erreferentzia egitean, berriz, PSEk kontra bozkatu zuen.
Kutxabanki buruz EH Bilduk aurkeztutako mozioa, berriz, onartu zen, PSE, EAJ eta H1!en kontrako botoekin. PSEk azaldu zuen «ikuspuntu juridikotik bideraezina» dela.