Bitartean folk musika taldea osatzen dute Haritz Ezeiza, Ixiar Jauregi, Lara Mitxelena eta Sebastian Ustarrozek. Alboka Topaketaren barruan, kontzertua emango dute gaur, iluntzeko 20:00etan, Biteri kultur etxean. Kontzertua doan izango da, eta diskoak erosteko aukera ere izango da.
Irlandatik Hernanira
Udaran Irlandan eta Galesen ibili dira, Bidean estreineko diskoa ezagutzera ematen, eta gaur Hernanin aurkeztuko dute.
Euskal folk musika eta argentinarra nahasten dituzte bertan, doinu propioak eta ezagunak joz.
Larunbatean segida
Alboka Topaketak larunbatean izango du segida. Goizean kalejiran ibiliko dira Euskal Herriko txokoetatik etorritako alboka-joleak. Ondoren, Santa Barbara elkartean herri-bazkaria egingo dute (parte hartzaile ez direnek, 20 euro), eta 18:00etan Albokaldia emanaldia eskainiko dute Tilosetan.