«Pribatizazioak arrisku haundia du ustelkerirako eta mesedekerirako»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 1a

Hernaniko EH Bilduk antolatuta, hitzaldi-solasaldia izango da gaur, 19:30etan Biterin, Kutxabanken pribatizazioari buruz. Antxon Izangirre eta Peio Egaña Kutxabankeko batzarkideak izango dira bertan.

Kutxabanken pribatizazioaz hitz egitean, zertaz ari gara? 
Jokoan dagoena zera da: Ku­txek sorreratik bertatik bere-berea izan duten finantzen gaineko kontrol publikoa eta soziala mantendu eta ira­ba­zi­ak lurraldeko egitasmo sozial desberdinetarako itzultzea, ala kutxa  erakundearen, fi­nan­tzen eta erabakien gai­neko norabidea eta erabilera kon­trola  alderdi politikoek izen­datutako pertsona par­ti­ku­la­rren esku uztea behin betirako. Azken kasu honetan, kutxaren gaineko kontrola  hamabost la­gunek izango lukete; baita ak­zioak saldu eta beste pertsona edo erakunde pribatuen esku negozioa uzteko aukera. Ondorioz kutxetako batzarrak desagertu egingo lirateke.
Gipuzkoako Foru Aldun­di­ak egin duen proposamena ku­txen sorrerako izaerari eu­tsi eta kontrol soziala eta pu­blikoa bermatzera letorke; Kutxa Banku Fundazioa izan ordez, Ohiko Fundazioa bila­katzea. Ku­txabank Gi­puz­koako Kutxak akzioen %32 di­tu, eta akzio horien kon­trolaren banaketa pro­po­sa­tzen dugu. 

Oposizioa ez dator bat Garitanoren alternatiba honekin. Zergatik?
Eztabaida esparru teknikora eraman nahi izan dute, arazoa adituen kontua balitz bezala. Baina, funtsean da­go­e­na da bi eredu sozio-po­li­ti­ko­en arteko talka: Euskal troikak, PP-PSOE-PNVk, CCOO eta, pixkanaka, sindikatuen laguntzaz, pribati­zazioa eta finantza elitisten esku nahi duten gizarte eredua bata; eta EHBildu ELA, LAB eta eragile sozial nagusienek de­fen­da­tzen duten eredu publiko eta soziala bestea.

Garitanok noiz azalduko du hau Eusko Jaurlaritzan?
Ez dakigu aukera hori izango duenik ere. Dena den, dago­e­neko ezta­baida aukera guztiak ezabatu dituzte Kutxetako Ad­mi­­nis­trazio Kontseiluetan.  Ha­ien esanetan ez dago Banku Fun­dazioa bihurtu beste au­ke­rarik. 

Nondik dator pribatizazioaren nahi hori?
Espainia mailan aurrezki ku­-­tx­e­tan izandako lapurretei eran­tzuteko sortutako legea mar­txan jarri zen EAJ eta PP ados jarriz. Ondorioz, kapital pri­batuari ateak parez pare ireki zaizkio gurea bezalako finantza erakundeetan. Baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kutxak ez zeuden Espainia mailako aurrezki kutxa asko bezala, eta, hala ere, trataera bera izan du, interes pribatu eta par­ti­distei bidea eginez.

Pribatizatzera iritsiko balitz, EH Bilduren ustez, zeintzuk izango lirateke ondorioak?
Erakunde publikoek ez dute ze­re­sanik izango. Alderdi po­li­ti­ko­ek izendatutako pertsonek izan­go dute gehiengoa banku fun­da­zioan. Pertsona horiek beraien izenean arituko dira soilik, eta ez dituzte inoren aurrean be­raien erabakiak zuritu beharko. Gure ustez, eredu honek arrisku haundia du ustelkerirako eta mese­dekerirako.

Zertan eragin dio Gipuzkoari Kutxabank sortzeak? 
Adibidez, estatu mailako bulegoetako langile asko he­men­go bulegoetan ari dira lanean, eta inork ez daki euskaraz. Urtetan egindako lana pikutara joan da. Bes­talde, Kutxabanken era­baki guztiak Bizkaian hartzen dira, BBK-k %50etik gorako par­taidetza duelako. Horrez gain, azken urteetan Kutxa Gipuz­koako enpresa garran­tzitsu batzuetan zuen kapitala saltzen ari da (CAF, Iberma­tica, Euskaltel…) eta Espainia mailako enpresetan ari da inbertitzen: Caja Sur, Sareb, Neinor, Cia, Promotora del Estrecho... Erabaki honekin hemengo ekonomia ahultzen da, eta kanpokoa indartu.

Kutxabankeko batzarkide izanda, nola bizi duzue egoera?
Harrituta. Gipuzkoan EAJ ez da iristen EH Bilduk Kutxako batzarrean duen ordez­ka­ritza erdira ere, eta botere osoa hartu du, zirrikitu lotsagabe eta legez zalan­tzazkoak diren neurriak hartuz. Epaitegietan salatu ziren, eta oraindik argitzeke dago kontua. Guk ez dugu sosik kobratzen, eta ikusitakoak auzo lotsa eragin digu. Edozer gauza egiteko prest egon dira boterea lortze aldera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!