«Datuek berriz erakutsi dute astigartarrek ondo sailkatzen dutela»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 1a

IDEMA enpresak errefusaren azterketa egin du, Udalak eskatuta. Emandako datuen arabera, hondakin birziklagarrien %90a, birziklatu egiten dute astigartarrek.

Errefusaren karakterizazioa edo azterketa egin du IDEMA enpresak, Udalak eskatuta. Datu horien arabera, honda­kin birziklagarrien %90a, birziklatu egiten dute astigar­tarrek eta Udalak oso balo­razio positiboa egin du: «Asti­ga­rragak beste behin, jarrera eredugarria duela erakutsi du gai honetan. Errefusarekin, organiko guztiaren %6, ontzi arinen %8, papera eta kartoiaren %6 eta beiraren %2 jasotzen dira soilik, beraz, astigartarrek hondaki­ne­tara botatzen dituzten hondakin berrerabilgarrien %90etik gora, zabortegira zuzenean ez bidaltzea lortzen da. Hau guztia, orain urte eta erdi atez ateko bilketa sistema jarri denetik». Udalaren helburua da datu hori hobetu eta pixkanaka %100era iristea.
Udalaren arabera, emai­tzak oso onak badira ere, badaude hobetzeko puntuak: «Aztertuta­ko komertzio eta ostalaritza establezimendue­tako errefus laginetan, %21 organikoa atera zen. Horren arrazoiak aztertzen ari gara ostalariekin. Horrez gain, errefusa osatzen duten materialen artean, pardelak eta ehunak nagusitzen dira (%65 gutxi gorabehera). Frakzio hau errefusetik nola atera da orain erronka». 

Udalaren web orrian, datuak ikusgai
Errefusaren karakterizazioa egiteko, martxoa eta apirilean zehar 14 lagin jaso dira herriguneko, komertzioetako eta larrialdi guneetako errefus bilketatik. IDEMAk prestatu­tako ondorioen txostena Uda­le­ko web orrian dago ikusgai eta baita Kronikaren webgunean ere.
Udalak honakoa gaineratu du: «Atez ateko gaikako bilke­ta martxan jarri zenetik datu­ek behin eta berriz berretsi dute Astigarraga norabide onean doala hondakinen kudeake­tan. Hilabetero ikusi daiteke gaikako bilketaren datua %80tik gora dagoela, eta gainera, 2014ko lehenengo sei hilabetekoan Astigarragak bere hondakinen %85 baino gehiago jaso ditu gaika». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!