27 urte bete ziren ostegunean Goiko Itturri jatetxea ireki zenuela. Nola animatu zinen jatetxe bat martxan jartzera?
Garai hartan, 31 urte nituen, lanik gabe nengoen eta enteratu nintzen aurreko jabeek jatetxea salgai jarri zutela. Aukera ona zela pentsatu nuen. Diru aldetik beldur pixka bat banuen prestamoa lortzeko, baina seguru nengoen aurrera aterako nintzela. Ilusio eta gogo haundia nuen. Hori bai, beti izan dut familiaren laguntza.
Aurretik ere jatetxea zen orduan?
Bai, urtebete inguru egin zuen jatetxe bezala. Aurretik, baserri zahar bat zen, Mikelenea izena zuen. Aurreko jabeek erosi zuten eta berritu egin zuten. Azpian jatetxea ireki zuten eta goian etxebizitza zeukaten. Etxearen izena zeukan orduan jatetxeak ere. Guk izena aldatu genion. Goiko Itturri egokiagoa iruditu zitzaigun, lekuarekin lotzen delako eta jendeak non dagoen badakielako horrela.
Sukaldean aritzen zara. Beti izan al da horrela? Non ikasi zenuen?
Bai. Hori argi izan dut beti, sukaldean dago nere lekua. 11 senideren artetik zaharrena naiz eta txikitatik tokatu izan zait ontzi tartean ibiltzea. 9 urterekin dagoeneko erre nituen lentejak. Aitak fabrikan egiten zuen lan eta baratzan ere aritu behar izaten zuten gurasoek. Amak erakutsitakoarekin hasi nintzen hemen, etxeko betiko janaria prestatzen.
Eta nola gogoratzen dituzu aurreneko urte haiek?
Oso harrera ona izan genuen herrian, lehenengo egunetik hasita. Berez, irailaren 26an irekitzeko asmoa nuen. Egun bat lehenago sinatu genituen eskriturak eta ez nuen asmorik hurrengo egunera arte irekitzeko. Baina kuadrila bat azaldu zitzaidan esanez, entzun zutela ireki egin genuela eta afaltzera zetozela. Eman egin genien. Ni sukaldean, eta senideak zerbitzatzen. Hasierako urte haietan jende pila ibiltzen zen.
«Degustazio menu bat badugu: urdaiazpikoa, txangurro pastela, onddo entsalada, arraina, txuleta, postrea, kafea eta edaria»
Nongoa izaten zen jendea?
Herrikoa eta ingurukoa: Oiartzun, Donostia, Hernani… Garai hartan Hernanin ez zegoen aukera askorik, jatetxe aldetik. Tolosatik ere hasi zen etortzen bikote bat eta oraindik ere etortzen dira astero astero.
Asko aldatu al da joera?
Krisia hasi zenetik asko jaitsi da. Lehen jendea, astegunez eta astebukaeretan ibiltzen zen. Orain, astebukaeretan ibiltzen da batez ere. Pentsa, hasierako urte haietan, ez genuen inoiz ixten. Asteko egun guztietan egoten zen irekia. Orain igande gauetan, astelehen eta asteartetan itxi egiten dugu.
Horrez gain, eragina izan du hemen egindako obrak. Askoz aparkamentu gutxiago dago.
Eta sukaldea aldatu al da?
Hasieratik hona, sukalde tradizionala da gurea, baina garai berrietara egokitzen joan dena. Hasieran, adibidez, salda, zopa, mixta, bakailua, tortilla, legatza eta txuleta genituen. 3 ardo marka aukeran eta sagardoa. Orain, jendea finagoa da nolabait esateko, beste zerbait bilatzen du. Orain dauzkagu: txangurro pastela, alkatxofak, arrain desberdinak, txipiroiak plantxan, kokotxak saltsan, arrozak, langostinoak, gernikako piperrak, babarrunak... Hau da, aukera gehiago dugu eta garaian garaiko produktuak sartzen ditugu. Bodegan ere, aukera zabala dugu.
Zeintzuk dira hemengo platerik preziatuenak?
Arrain zopa esango nuke. Gainera, iruditzen zait orain berriz indarra hartzen ari dela, agian orain etxeetan gutxiago prestatzen delako. Bikote bat beti etortzen da arrain zopa jatera eta ontzi osoa bukatzen dute. Onddo entsalada ere orain dela urte batzuk hasi ginen prestatzen eta jende askok eskatzen du. Eta horrez gain, arrainak labean, txuleta...
Jatetxea bera aldatuko zen urte hauetan, ezta?
Obra haundirik ez dugu egin, baina bai ikutu batzuk: pintura, distribuzioa, mantelak, terraza txukundu... Hasieran, erdi sagardotegi moduan jarri genuen, bi kupel ere bagenituen, baina urte batzutara, jatetxe moduan bakarrik funtzionatzen hasi nintzen.
Zenbat ari zarete gaur egun lanean?
Lau pertsona aritzen gara: Aitor sozioa kamarero, Ainhoa alaba sukaldean laguntzen, Mikel semea parrillero, eta ni sukaldean. Orain ere, denak familiakoak gara.
Zeren bila uste duzu etortzen dela jendea Goiko Itturrira?
Alde batetik, lasaitasun bila. Eta bestetik, nik uste etxean bezala sentitzen direla. Gu horretan saiatzen gara behintzat. Mimo guztiz egindako etxeko betiko janaria da eta ahalik eta zerbitzu onena ematen saiatzen gara, etxean bezala sentitu daitezen.
Gaur egun, jende askok aurrez jakin nahi izaten du zenbat ordainduko duen. Eguneko menurik edo menu itxirik ba al duzue?
Menu berezi bat badugu. Degustazio menua da: urdaiazpikoa, txangurro pastela, onddo entsalada, arraina labean, txuleta, postrea, kafea eta edaria. Guztia 35 euroan eta zerbait moldatzeko aukera ere badago. Baina eguneko menuarekin ez dugu lan egiten. Hala ere, jaten duzunaren arabera, oso prezio onean jan dezakezu. Denetariko aukera dugu.
Urteurrena dela eta, zerbait berezirik prestatu al duzue?
Zer izango den ez dizut aurreratuko, baina zerbait egingo dugu astebukaera honetan etortzen direnentzat.