Aurrera jarraitzen du, 2015eko Udal Aurrekontuen parte hartze prozesuak. Maiatzean eta ekainean bildu ziren proposamenak, eta teknikoek aztertuta, fase berri batean sartu zen prozesua, aurreko astean: herritarrek baloratzea zein diren proposamen garrantzitsuenak.
Hiru saio antolatu dira horretarako. Aurreneko biak, joan den asteartean eta asteazkenean egin ziren. Hirugarrena eta azkena, gaur izango da. Beraz, herritarrek azken aukera dute, proposamen garrantzitsuenak nabarmentzeko. 18:00etan egingo da saioa, Goiz Eguzkin.
Zein da garrantzitsuena?
Makina bat proposamen jaso ditu Udalak, eta herritarren esku dago garrantzitsuenak lehenestea. Gaurkoan aztertuko dira, hirigintza, ingurumena, parkeak, aterpeak, komun publikoak, hirugarren adina... bezalako gaiak.
Besteak beste, honako proposamenen garrantzia eztabaidatuko da: komun publiko gehiago jartzea, Plazako lurra aldatzea, parke eta plazak estaltzea, etxeetan igogailuak jartzeko erraztasunak ematea, eta Goiz Eguzkiko fatxada konpontzea.
Komun publiko gehiago jartzea, parke eta plazak estaltzea... Proposamen ugari landuko dira gaur ere, Goiz Eguzkin 18:00etan.
Aurreko saioetan lehenetsiak
Aurreneko bi saioetan, beste gai asko landu zituzten, eta dozenaka proposamen aztertu. Asteartean, kultura, euskara, jaiak, kirolak eta ondarea jarri zituzten mahai gainean, besteak beste.
Saio horretan, herritarren oniritzia jaso zuten proposamen hauek, besteak beste: aldibereko itzulpenetarako maleta bat erostea, erakusketentzat areto berri bat egokitzea, eta saskibaloian aritzeko kanasta baxuak jartzea, haurrentzat eta gurpildun aulkian daudenentzat.
Berdintasun eta integrazio gaiak, asteazkenean
Berdintasuna eta integrazioa izan zituzten hizpide asteazkenean, eta jarraiko proposamenak nabarmendu zituzten herritarrek: emakumeenganako indarkeriaren inguruko aholkularitza juridikoa eta psikologikoa eskaintzeko zerbitzua sortzea, eta behar bereziak dituzten haurren integrazio eta sorkuntza lantzeko tailerrak diruz laguntzea.