Katalunia: bai, bai. Zer esan nahi duzu?
Zaila izan da kontsultaren deialdira iristea, erabat independentistak ez diren indar politikoak batuz. Independentismo herrikoiak egin du presioa, kontsulta egiteko. Aurreneko bai horrek dio Katalunia estatu bat izan behar dela, baina izan daiteke Espainiari lotutako estatu federal bat ere. Bigarrenak, berriz, dio estatu hori independentea izan behar dela. Beraz, Katalunia independente bat izateko, Bai-Bai bozkatu behar da. Zaila da, baina ezinezkoa ez.
Uste duzu kontsulta egingo dela eta baiezkoak irabaziko duela?
Zerbait pasako da azaroaren 9an. Espainiako gobernuak ez du onartzeko asmorik izango, eta ez dakigu ze jokabide hartuko duen. Horrek kondenatuko du parte hartzea. Eta emaitza, are eta zailagoa da asmatzen. Une honetan, independentziak duen babesa %50etik gorakoa da, eta %80ak bozkatu nahi du. Baina horrek ez du ezertarako balio hautestontzirik gabe.
Independentismo katalanak ez dauka zerikusirik identitatearekin: mugimendu politiko bat da, herrialde ezberdin bat egiteko, hobea, justuagoa eta demokratikoagoa, denontzat. Kontua ez da espainiarra edo katalana izatea; bizitza hobe bat izateko itxaropena baizik.
Hitzaldia emango duzu gaur, kulturaren biziraupenaz, estaturik gabeko nazioetan. Beharrezkoa da independentzia Euskal Herriarentzat? Posible da?
Euskal Herria eta independentziaren arteko harremana, euskal herritarrok konpondu behar duzue. Herri baten etorkizuna, herriak berak erabaki behar du, demokratikoki, modu baketsuan eta ilusioz. Beste kontu bat da estaturik gabeko nazioena: istripu historiko bat da. Baina ez dago legerik, hori aldatu ezin dela dioenik. Nazioa existitzen bada, iraunkortasuna ukaezina da, eta horrek bakarrik, eskubidea ematen du etorkizuna planteatzeko. Eta gehiengoak erabaki dezala.
Esan izan duzu, independentziak aurrera egin duela, Espainiak duen itolarri ekonomikoari esker. Nahikoa da hori independentzian sinisteko?
Ez da ekonomia bakarrik, proiektu kolektibo bat praktikan jartzeko gaitasuna baizik, espainiakoarekin bat egiten ez duen proiektu bat. Alegia, ezin da guztiz katalana izan Espainiaren barruan, Espainiako eredu ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoak baldintzatzen gaituelako. Norbait espainiar baino gehiago katalana sentitzea iraingarria dela uste duten bitartean, arazo bat izango dugu.
Cronica de la Independencia liburuan, imaginatu duzu nolakoa izango den Katalunia independentea, 2037. urtean.
Liburua joku bat zen. Hiru gauza planteatu nahi nituen: independentziaren prozesua uste baino errazagoa izan daitekeela; etorkizuna itxaropentsua eta positiboa izan daitekeela; eta 2037ko Katalunian proposatutako guztia, ez dela posible eskumen autonomikoekin bakarrik.