Kirolak estutuko du gaur Hernani eta Wukroren arteko lotura. Elkartasun Jardunaldien barruan, Kirol Eguna antolatu dute, Hernani Wukrorekin GKEk eta CD Hernanik. Horrela, elkarrekin ariko dira, proba ezberdinak egiten, Wukroko eta Hernaniko gaztetxoak.
Antziolako atletismo pistan daukate hitzordua, goizeko 10:00etan. Elkarrekin egingo dituzte beroketak: pistari bi buelta eta luzaketak. Ondoren, 5 taldetan banatuko dira gaztetxoak, eta kolore bana izango dute taldeek.
Bost gune, bost proba
Bost zonatan banatuko dute atletismo pista, eta gune bakoitzean, proba ezberdin bat egingo dute: lokotsak, luzera jauzia, vortex jaurtiketa, 60 metroko esprinta eta altuera jauzia. 10 minutu emango ditu talde bakoitzak gune bakoitzean, denak probatzeko. Ondoren, 11:35etan, atleta guztiak elkartuko dira, eta errelebo txapelketa egingo dute. Bukatutakoan, mailu jaurtiketa erakustaldiaz gozatuko dute, eta probatzeko ere, izango dute aukera. Ondoren, merendola batekin borobilduko dute goiza.
Arratsaldez, pala Ereñotzun
Kirol Egunak segida izango du arratsaldean. Ereñotzuko frontoira joango dira, pelotan eta palan aritzera.
Bihar, elkartasun bazkaria
Kirola erabat ahaztuko dute bihar. 09:00etan, meza emango du Olaranek Agustinetan. Eta ondoren, 14:00etan, elkartasun bazkaria egingo dute, Txantxangorri Elkartean.