Ziraba: sube itsua? Edo bista oneko suangilla?

Kronika - Erredakzioa 2014ko irailaren 27a

Urumea bailara gehienean ziraba esaten zaio, eta oso arrunta da gure belazeetan, kondairaz betetako animalia hau.

Arriskua dagoenean isatsa galdu dezake, eta berriz haziko zaio, suangillari bezala. Ziraba da gure belazeetan gehientsuena ikusten den anfibioa, suangillaren familiakoa, eta bista onekoa, jende askok besterik uste izanagatik. Kondairak dio, jainkoak galdera egin ziela subeari eta zirabari: «hik zeini egingo diok koska?» eta subeak erantzun, «kalterik egiten ez badit, inori ez»; eta zirabak, berriz, «nik, ikusten dedan guztiari». Hargatik, jainkoak itsua egin omen zuen. 

Ziraba, Urumeako hitza eta Eurasiako animalia
Urumea bailara osoan ziraba edo xiraba esaten zaio Anguis fragilis espezieari, nahiz eta euskera batuko zirauna hitza ere erabiltzen den, Hernaniko Santa Barbara eta Jauregiko etxe batzuetan. Gainerako guztian, hasi Goizuetatik eta Asti­ga­rra­ga­rai­no, ziraba esaten zaio animalia horri, eta ha­mai­ka ume ipurtarinek ere entzungo zuten «ziraba» izengoitia! 

Hasi Goizuetatik eta Astigarragaraino ‘ziraba’ esaten zaio, euskera batuan ‘zirauna’ esaten zaion animaliari

Belarronduaren azpian, gozo
Belarra ontzen aritu denak badaki, seguru xamarra dela belar haren azpian zirabaren bat ikustea. Odol hotzekoa hau ere, eta gozo bila joango da eguzkiak onduko duen belar moztuaren azpira. Baserrita­rrek oso dute ezaguna, eta askok maite dute, kalte baino onura gehiago dakarkiela badakitelako. Hala ere, hernaniar batek dion bezala, «makina bat eskobare hortza hau­tsiak izango dira ziraba jo nahian». Karakolak eta bareak harrapatuko ditu erruz, eta txitxare eta bestelako zomorroak ere bai. Subearen itxura izatea ez da bere aldekoa, ihesean ibili beharko du normalean, bere azal distiratsuak ondo nabarmentzen duen arren. Kukuak ziraba jale amorratuak dira hainbat baserritarrek diotenez, baina arrisku horiek guztiak izanagatik, oraindik ugari da gure bazterretan.

FITXAK

1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!